U30ean Greba Orokorra!

Urtarrilaren 30erako, Euskal Herriko Eskubide Sozialean Kartak deitutako Bizitzaren aldeko Greba Orokorrarekin bat egin eta euskal jendarteari parte aktibo izatera deitzen diogu Askapenako kideok.

 

Gaur, inperialismoaren erasoaldi bortitzenetarikoaren, bortitzenaren ez bada, aurrean gaude.  Bizitzaren aurkako oldarraldi baten aurrean. Interes berak ezkutatzen dira Boliviako Estatu Kolpearen atzean, edo Venezuelako etengabeko mehatxuetan. Esku zuri bera Ekialde Hurbileko sakeoan. Helburu berak Txileko nahiz Greziako erreformetan. Diskurtso faxista bera Brasil edo Italian. Kontrol, aberastasun eta boterearen etengabeko akumulazioak ez du mugarik. Lurralde, itsaso zein oihanekin batera, hizkuntza, identitate, herri, kultura, komunitate, indar eta gorputzak zapaldu nahi dituzte, esklabo nahi gaituzte.

 

Herrion arteko xamurtarsunari esker ordea, bizitzaren aldeko munduko hamaika herrietako borroka ezagutzeko aukera izan dugu. Kubako faroaren argia bidelagun, Lacandonako basoetan murgilduta bidea behetik eta ezkerretik egitearen balioa ikasi dugu. Boliviako jatorrizko herrien berezko hizkuntzek erakutsi digute bizitza onaren benetako esanahia. Italiako bizipenetatik gure egin ditugu faxismoaren aurkako oihuak. Kurdistango kideen eskutik barneratu dugu emakume askerik gabe, askatasuna ez dela posible. Etsipen eta iluntasunaren mehatxuaren aurrean, Greziako herriak autogestioaren botereaz begiak ireki dizkigu. Venezuelako langileek eraikitako Komunetatik parte hartze eta autogobernu esperientzia berriak ezagutu ditugu. Herrialde Katalanetako herri antolakuntza eta borroka olatu indarberrituak itxaropen arnas izan dira. Hamaika herri, beste hainbeste esperientzia baina ardatz bat guztiak zeharkatzen dituena, bizitza.

 

Elkartasunak ekarri gaitu hona, irakaspen horiek guztiak munduko herri langileonak baitira. Ez dugu elkartasun internazionalista lantzen egoera injustuen aurrean zauriak sendatzeko. Elkarrekin indartsuago garelako, elkarrengandik ikasten dugulako eta elkarrekin bat garelako lantzen dugu elkartasun internazionalista; zauritzen gaituzten arrazoiak gainditzeko.

 

Horregatik, bizitza dugu aldarri eta elkartasun internazionalistak bizi gaitu. Argi dugulako sistema kapitalista heteropatriarkal eta inperialista honen aurkako erresistentziarik handiena bizitza defendatzea dela. Izan Rojavako lubakietan edo Venezuelako Komunetan. ZADeko aireportu okupatu edo Argentinako herri-ekonomia eraikitzeko mugimendu eta protestetan nahiz abortu eskubidearen aldeko borroketan. Kapitalismo, heteropatriarkatu eta inperialismoari arnasa kentzen diogun territorio, baliabide, ideia edo gorputz bakoitza, bizitzaren aldeko garaipen bat da, bizitza onaren aldeko urrats bat. 

 

Eta datorren urtarrilaren 30ean Euskal Herrian kaleak hartzea, bizitza aldarrikatzea da.

 

 

 

Aldaketak datoz mundura,
nor den herriak badaki.

Nekez ginen elkarganatu,
indazu albiristea!
Gertatuak ez du ardura,
jende esklabua jaiki!
Aldaketak datoz mundura,
nor den herriak badaki.

Oro gudura, ala!
Bihar izan dadin
Internazionala
pertsonaren adin.

Euskal Herrian, 2020ko urtarrilaren 28an.

 

 

 

BIZI ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA!

Urteak daramatzagu brigadak antolatzen munduko hainbat herrialdetara, zapalduok elkarren borroka nahiz eraikuntza esperientzien berri izateko eta elkar hauspotzeko. Eta urtez urte, elkarren urgentzia areagotzen da, munduko langileok elkar batzeko urgentzia. Larrialdian gaude eta garaiak okertzen doaz; inperialismoaren, patriarkatuaren eta faxismoaren aurpegi gordinenak bizitzen ari garelako, hain zuzen ere. Lehentasunezkoa da, beraz, praktika eta elkartasun internazionalista indartzea.

Brigadak izan ditu Askapenak horretarako tresna baliagarri eta eraginkorrenak. Herrion borrokak ezagutu eta geure borrokak haietatik elikatu. Beti esan izan baitugu, beste herriei egin diezaiekegun ekarpen iraultzailerik handiena dela geurearen askatasuna. Estu gaude, estu gaude Euskal Herriko langileok, zer esanik ez zapalduenok: emakumeok, migratzaileok, gazteok, adinekook, nekazariok… eta aliatuak bilatu ezean, bai Euskal Herrian bai munduan zehar,bizitza eta kapitalaren arteko kontraesan horretan itota bukatuko dugu. Saretze hori bizi, landu eta borrokatu beharra dugu, ezinbestean. 

Brigadista izateak berekin dakar beste herriekiko eta geurearekiko konpromisoa, eta bereziki, tokian tokiko borrokak ezagutzeko grina. Tokian tokikoak diogu, baina maiz urrun daramagu burua, geurean apenas dagoelakoan. Lehentasunen zerrendan dugu Europa, Euskal Herriaren joko zelaia. Europako langileria gero eta baldintza okerragoetan bizi da, eta faxismoa ari da izaten horren akuilu; aldi berean, ezkerrari bitartekoak falta zaizkiola dirudi horri guztiari aurre egiteko eta egoera iraultzeko baldintzak sortzeko. Baina bada zer ikasi eta zer borrokatu, badelako berpizten ari den mugimendu iraultzailea ere. Periferiako herriek bizi duten egoera landu eta ezkerreko mugimenduen errealitate eta prozesuak biziko ditugu, etxean dugunaz ere hausnar dezagun. Latinoamerikari begira, berriz, azken garaietako oldarraldi gogorrena bizitzen ari da. Hala ere, eraso horien aurrean, kontinente oso bat zutik erresistentzia gogorrean ari da haien lurrak, gorputzak eta bizitzak defendatuz. Ekialde Hurbila eraso inperialisten diana da, eta yankien azken kolpeak erabat astindu du eskualdea. Gertutik biziko ditugu mendebaldearen eta sionismoaren aurkako herri erresistentziak eta askapen borroka askotarikoak.

Beraz, lagun internazionalistok, hasi da brigada kanpaina! Inperialismoari eta faxismoari aurre egiteko mekanismoak eta borrokak jaso, haietatik ikasi eta elkarbanatzera goaz, Euskal Herri sozialista, feminista eta internazionalista eraikitzeko ale berriak jasotzera goaz. Eman izena, heldu konpromisoari eta bizi elkartasun internazionalista!


Gora Euskal Herria internazionalista!
Hamaika herri, borroka bakarra!


 

AEBk Ekialde Hurbilean egindako azken erasoaren harira

 Yemenen miseria eta deskonposizio totala, Afganistan nahiz Irakeko okupazio militarra eta jazarpena urte luzez,   Siriako  gerra inperialistak utzitako hondamendia, Iranen demonizazioa,  Libano etengabeko tentsioan eta   sionismoaren begiradapean, Palestinako sarraskia… Ekialde Hurbilean inperialismoak eragindako gerrek 6 milioi   pertsonatik gora eraildako utzi dituzte.   Aipatutako guztiek dute kanpo interbentziotik, eta ez, ez dira gerra edota   ondorio sektarioak, barne-talkek sortutakoak. Inperialismoak ezegonkor nahi du Ekialde Hurbila, dardarti, hark   ezar dezan egonkortasun asimilatzaile eta sakeatzailea: demokrazia, segurtasuna eta aurrerapena haien   hitzetan; pobrezia, kapitalismoa eta gerra, geureetan.

 

Abenduak 7an denok Durangora!

 

Orriak