Beste behin ere Euskal Herriko emakume langileok kalera atera eta gure aldarrikapenak ozen oihukatuko ditugu bihar. Baina gure borroka internazionalista ere bada, patriarkatuak munduko txoko guztietan jipoitzen, hiltzen, bortxatzen, mespretxatzen, baztertzen, behartzen, esplotatzen jarraitzen baitu, eta Euskal Herrian patriarkatua ez dugulako errotik ezabatuko munduko emakume guztiak aske ez diren bitartean. Kurduek esaten duten moduan, “emakumeok gara zapaldua izan den lehenengo nazioa”.
Biharko egunean, beraz, Euskal Herriko internazionalista orori, gure herriko auzo eta herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu. Kapitalaren metaketa bermatzeko ezinbesteko tresna dira emakumeak eta biharko greba deialdiarekin bat eginez, emakumeek planto egiten dutenean mundua gelditzen dela erakutsi nahi dugu.
Martxoaren 8an emakumeok* planto!