Irakurketak

Etengabeko Nakbaren aurka, Palestina aurrera!

Urtero, maiatzaren 15ean, Palestinako Nakba eguna gogoratzen dugu (“hondamendia”, arabieraz). Hala, egun horretan gogora ekartzen dugu mugimendu sionistak palestinarren garbiketa etnikoa hasi zuela, 1948an Israelgo Estatua sortzeko.

 

Izan ere, 750.000 edo 800.000 palestinar inguru bortxaz kanporatuta sortu zen Israelgo Estatua; horrekin batera, 418 eta 615 herri artean suntsitu ziren, sarraski ugari egin ziren (esaterako, Deir Yasine-koa), palestinarren jabetzak konfiskatu ziren, hiri eta herrien izenak aldatu ziren eta, are gehiago, bertakoez bestelako landare-espezie berriak sartu ziren. Lehenago bertan palestinarren hiriak, herriak, landa eta etxeak zeudela ezkutatzeko egin zuten hori guztia. Lehenago bertan Palestina existitu zela ezkutatzeko. Hori guztia, inperialismoaren aliatu nagusietako bat Ekialde Hurbilean egotea legitimatzeko.

 

Palestinan soilik judua den Estatu bat sortzeko proiektu sionista ezartzearen ondorioa da Nakba. Estatu hori XIX. mendearen amaieran hasi zen lehen koloniak ezarri zirenean, eta garaiko Europako kolonialismo arrazistatik edan zuen. Hain zuzen, Estatu sionistaren sorrera ezin izango zen gertatu potentzia inperialen (Britainia Handia, adibidez) eta Nazio Batuen Erakunde sortu berriaren laguntzarik gabe. Gaur egun ere, Estatu sionista potentzia inperialista nagusien (AEB edota Europar Batasuna) konplizitate esplizituaren mende dago oraindik. Negoziazio-prozesuek, hala nola Osloko akordioetako ustezko bake-prozesuak, proiektu sionista hedatzeko baino ez dute balio izan. Izan ere, berriro ere, etengabeko Nakba egiten ari dira palestinarren aurka, lurraldeak okupatuz, palestinarrak kanporatuz, diskriminatuz, erreprimituz eta hilez.

 

 

 

(...)

 

Etengabeko Nakbaren aurka, Palestina aurrera!


Eutsi Jerusalem, eutsi Gaza! Palestina askatu!

 

Jo ta ke!

Maiatzak‭ ‬1. ‭ ‬Langileon‭ ‬Europa eraikiz,‭ ‬apurtu kapitalaren‭ ‬Europa‭!

Gaur, maiatzaren lehen honetan, beste behin, langile klasearen askapen borroka aldarrikatzeko beharrean aurkitzen gara. Kapitalaren eta bizitzaren arteko lehia batean aurkitzen gara, langile klasearen bizitza salbatzeko modu bakarra sistema kapitalista heteropatriarkal eta inperialista suntsitzea baita.

 

    Urte honetan zehar asko izan dira kapitalak egindako sarraski ekonomiko eta politikoak, COVID 19aren aitzakiapean abiarazitako ofentsibaren baitan. Burgesiak bere kapitala handitzeko beharrezkoak dituen tresnak zorrozten jarraitzen duen bitartean, langileriaren sektore zapalduena lanean esplotatzen jarraitzen du, etxeak lapurtzen jarraitzen du, kalean bizi dugun kontrol soziala areagotzen jarraitzen du eta abar luze bat. Hau da Europar Batasunaren‭ ‬menpe bizi garen langileon egoera orokortua.‭

 

(...)

Gora‭ ‬munduko langileria‭!


Gora Euskal Herri langilea‭!


Gora‭ ‬maiatzaren lehena‭!


Langileon europa eraikiz,‭ ‬apurtu kapitalaren europa‭!

ATZO ETA GAUR, OTANi EZ! EUSKAL HERRIAri BAI!

Orain 35 urte euskal herritarrok zita berezi baina esanguratsua izan genuen hautestontziekin. 1986ko martxoaren 12 hartan, boto-paperez boto-paper, kalez kale, lantegi, instituzio, herriko plaza zein ikastetxeetan, mitin, manifestazio, kontzertu edota ekimen ezberdinetan aldarrikatutako ideia letra larriko lerro-buru bilakatu genuen; “Ezezko borobila OTANi Hego Euskal Herrian”.


Espainiar Estatua 1982an sartu zen Aliantza Atlantikoan edo OTANen (Organización del Tratado del Atlántico Norte). Erabaki hark espainiar eta euskal eskuin indarraren onespena jaso bazuen ere, jakina zen euskal herritarren gehiengoa ez zetorrela bat erabaki harekin. Hala erakutsi genuen lau urte beranduago, Konstituzio espainiarrarekin egin bezala. Ikasleak, gazteak, feministak, euskalgintza eta kultur mugimenduko kideak, langileak… euskal herritarrok azken batean, beste behin ere gure nortasun eta izatea aldarrikatu genuen, gure lekua eta gure mundu ikuskera. Zapaldutako herri izaki, beste edozein herriren zapalketaren aurka geunden, guretzat herrien arteko harremanak elkartasunean eraiki behar direlako.


Hitz hutsetan geratzen bagara edo boteredunen ahotik entzutera mugatu, munduko segurtasunaren izenean adostutako hitzarmen militarra izan zela irakurriko dugu. Lerroartean baina, argi asko ikus daiteke, batetik indarra hartzen ari zen komunismo sobietarra geldiaraztea zuela xede, eta honen aitzakiapean, benetako helburua euren burgesia eta oligarkia nazionalen defentsa egitea zela, herri langileon interesekin zerikusi gutxi zuena eta duena, hain zuzen.

 

Orduan ez bazuten lortu, orain ere ez gaitzatela engaina! NATO aliantza politiko militarra da, inperialismoaren adar armatua. Bere historiari begiratu besterik ez dugu urtez urte, herrialdez herrialde NATOren benetako aurpegia ikusteko: Yugoslabia-ohia,, Irak, Afganistan, Libia, Siria... Desestabilizazio mehatxuez eta munduan ordena ezarri beharra dagoela diotenean argi izan dezagun beraien ordenaz ari direla. Indarrez ezarriko den ordena, kapitalismo gordinenarena, inperialismo basatienarena. Hori da NATOren funts bakarra. Horregatik ez du zalantzarik egiten orden horren aurka altxatu eta herri bezala erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen duten mugimenduak isilarazteko. Europar Batasuneko edo aliantzako beste edozein kide den Estatuen zutarriak zalantzan jartzen dituztenentzat askatasunen mugatzea, ideien fiskalizazioa edota errepresioa dituzte tresna, “barneko etsaia deuseztatzea”.

Agur eta ohore Yoann!

Yoann Isambert, Parisko Euskal Herriaren Lagunak-eko kidea baino askoz ere gehiago zen. Kortsikarra, sindikalista, irakaslea, borroka kidea eta laguna zen. Euskal Herria maite zuen eta gure herriarekiko maitasun horrek urte luzez euskal askapen borrokarekin konprometitzera eraman zuen.

Euskal preso, iheslari eta deportatuekiko elkartasunez hamaika ekimen antolatu zituen Parisko elkartasun komitearen baitan eta euskal preso eta iheslarien senideekiko izandako eskuzabaltasun eta harrera goxoa behin eta berriro erakutsi zizkigun.

Askapenatik, gure besarkadarik beroena bidali nahi dizuegu Maite, Maider eta Yoannen ondoan bizi eta ikasteko zortea izan duzuen guztioi. Eta zortea diogu bai, Yoann pertsona diskretoa bazen ere, imprescindible horietako bat ere bazelako.

Mila esker gure herriarengatik egindako lan guztiarengatik eta ez izan zalantzarik, zauden tokian zaudela, irabaziko dugula!

Omenaldirik onena, garaipena!
Hamaika herri, borroka bakarra!

Gora Yoann!

U30ean Greba Orokorra!

Urtarrilaren 30erako, Euskal Herriko Eskubide Sozialean Kartak deitutako Bizitzaren aldeko Greba Orokorrarekin bat egin eta euskal jendarteari parte aktibo izatera deitzen diogu Askapenako kideok.

 

Gaur, inperialismoaren erasoaldi bortitzenetarikoaren, bortitzenaren ez bada, aurrean gaude.  Bizitzaren aurkako oldarraldi baten aurrean. Interes berak ezkutatzen dira Boliviako Estatu Kolpearen atzean, edo Venezuelako etengabeko mehatxuetan. Esku zuri bera Ekialde Hurbileko sakeoan. Helburu berak Txileko nahiz Greziako erreformetan. Diskurtso faxista bera Brasil edo Italian. Kontrol, aberastasun eta boterearen etengabeko akumulazioak ez du mugarik. Lurralde, itsaso zein oihanekin batera, hizkuntza, identitate, herri, kultura, komunitate, indar eta gorputzak zapaldu nahi dituzte, esklabo nahi gaituzte.

 

Herrion arteko xamurtarsunari esker ordea, bizitzaren aldeko munduko hamaika herrietako borroka ezagutzeko aukera izan dugu. Kubako faroaren argia bidelagun, Lacandonako basoetan murgilduta bidea behetik eta ezkerretik egitearen balioa ikasi dugu. Boliviako jatorrizko herrien berezko hizkuntzek erakutsi digute bizitza onaren benetako esanahia. Italiako bizipenetatik gure egin ditugu faxismoaren aurkako oihuak. Kurdistango kideen eskutik barneratu dugu emakume askerik gabe, askatasuna ez dela posible. Etsipen eta iluntasunaren mehatxuaren aurrean, Greziako herriak autogestioaren botereaz begiak ireki dizkigu. Venezuelako langileek eraikitako Komunetatik parte hartze eta autogobernu esperientzia berriak ezagutu ditugu. Herrialde Katalanetako herri antolakuntza eta borroka olatu indarberrituak itxaropen arnas izan dira. Hamaika herri, beste hainbeste esperientzia baina ardatz bat guztiak zeharkatzen dituena, bizitza.

 

Elkartasunak ekarri gaitu hona, irakaspen horiek guztiak munduko herri langileonak baitira. Ez dugu elkartasun internazionalista lantzen egoera injustuen aurrean zauriak sendatzeko. Elkarrekin indartsuago garelako, elkarrengandik ikasten dugulako eta elkarrekin bat garelako lantzen dugu elkartasun internazionalista; zauritzen gaituzten arrazoiak gainditzeko.

 

Horregatik, bizitza dugu aldarri eta elkartasun internazionalistak bizi gaitu. Argi dugulako sistema kapitalista heteropatriarkal eta inperialista honen aurkako erresistentziarik handiena bizitza defendatzea dela. Izan Rojavako lubakietan edo Venezuelako Komunetan. ZADeko aireportu okupatu edo Argentinako herri-ekonomia eraikitzeko mugimendu eta protestetan nahiz abortu eskubidearen aldeko borroketan. Kapitalismo, heteropatriarkatu eta inperialismoari arnasa kentzen diogun territorio, baliabide, ideia edo gorputz bakoitza, bizitzaren aldeko garaipen bat da, bizitza onaren aldeko urrats bat. 

 

Eta datorren urtarrilaren 30ean Euskal Herrian kaleak hartzea, bizitza aldarrikatzea da.

 

 

 

Aldaketak datoz mundura,
nor den herriak badaki.

Nekez ginen elkarganatu,
indazu albiristea!
Gertatuak ez du ardura,
jende esklabua jaiki!
Aldaketak datoz mundura,
nor den herriak badaki.

Oro gudura, ala!
Bihar izan dadin
Internazionala
pertsonaren adin.

Euskal Herrian, 2020ko urtarrilaren 28an.

 

 

 

Orriak