Irakurketak

Julio Borges, ez zara ongi etorria Euskal Herrian

(abajo en castellano)

Venezuela Aurrera plataformak Venezuelako justiziatik ihesi dagoen Julio Borges Euskal Herrira gonbidatu nahi dutela salatu eta Euskal gizarteari ohartarazi nahi dio. Zehazki pertsonai honek Euskal Herriko eskuinak zein Europako eskuinak gonbidatuta, datorren azaroaren 21 eta 23rako Bilbon antolatu dituen ekimen batzuetan parte hartuko du.


Pertsona honek (betiere bere iritziz) Venezuelan eta Latinoamerikan gertatzen ari denarekiko lekzioak eman nahi dizkigu. Eskualdeko herrien burujabetzak etengabeko erasopean dira eta faxismoa bidea egiten ari da, besteak beste stablishment-aren eta gurean EAJ-PNVren laguntzari esker. Abya Yalako prozesu aurrerakoiak arrisku bizian daudela ezin dugu ahaztu eta orain ez hainbeste irabazitako hamarkadaz ari baginen, agian Macri, Duque eta Bolsonaaroen tankerakoen eskuetan galdutako hamarkadaz hasi beharko dugu hizketan. Eskenatoki konplikatua eta gogorra dudarik gabe aurrean duguna, euren askatasunaren alde borrokan duaden herriei ahotsa eman eta babesten jarraitzeko gure konpromiso internazionalistan berresten gaituena.


Julio Borgesi dagokionez, gogoratu behar da, Venezuelako herriari zuzenean eragin dioten hainbat delituta nahastuta egon dela. Besteak beste “La Salida” gisa ezagutzen dugun 2014ko operazioa Nicolas Maduroren gobernuaren erorketa bilatzen zuena; Venezuelaren aurka Estatu presidenteei, erakunde publiko eta erakunde finantzieroei eginiko zigor eskari eta blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzieroa, inperio estatubatuarraren aginduei men eginez martxan jarritako presio neurri bezala; Gobernu Bolibartarraren eta oposizioaren artean Errepublika Dominikarrean nazioarteko bitartekariekin erdietsitako Bizikidetza eta Bake akordioak sinatzeari uko egin ondoren, elkarrizketak etetea eta berriki Venezuelako Justizia Epaitegi Gorenak ikertua eta deitua izan da Caracasen pasa den abuztuaren 5ean Errepublikako presidente den Nicolas Maduroren eta goi kargu militarren kontrako atentatuan bere balizko parte hartzearen inguruko zantzu, froga eta egitateen harira.


Arrazoi guzti hauengatik Venezuela Aurrera plataformatik honakoa diogu; Julio Borges, ez zara Euskal Herrian ongi etorria eta pertsonai hau Nazioarteko Zuzenbidea urratuz eta gure herriari iseka eginez gure herrira gonbitu izana gaitzesten dugu, eta Venezuelako herriaren burujabetza eta autodeterminazio eskubidearen aldeko konpromisoa berresten ditugu. Era berean datorren azaroaren 21ean 19:00tan Sabin Arana Fundazioaren aurrean, Mandobide kalea 6-3-n, eginen den elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.

 

¡VENEZUELA AURRERA!
EZ DIRA PASAKO!
HERRIEN BURUJABETA ETA AUTODETERMINAZIOAREN ALDE!


Bilbao, 2018ko Azaroak 14

Kanakiako independentzia erreferenduma: menderatzailearengandik askatzeko bidean herriok elkartasuna indar

Igande honetan, Ozeaniako Kanakian – Kaledonia Berrian- independentzia erreferenduma eginen da. Herritarrek «Nahi al duzu Kaledoniak subirautasun osoa lortzea eta independente bilakatzea? galderari erantzun beharko diote baiezkoarekin edo ezezkoarekin. 1858an, Frantziak kolonizatu zuenetik, lehenengo aldia da herritarrek beraien etorkizunaz hautesontzietan iritzia eman ahalko dutela.

Nahiz eta kolonizazioak iraun duen urteetan zehar menderatzailearengandik askatzeko altxamenduak egon diren herritarren partetik, eta Nazio Batuen Erakundeak «deskolonizatu beharreko herrien» zerrendan daukan Kaledonia Berria, azken mendean, Frantziar estatu zenatralak bere menpe dauka Kaledonia Berria. Eta beraz, deskolonizatu beharreko herri horrek egun oraindik kolonizatua segitzen du. Garaian kolonia izena erabiltzen zen, egun frantses estatuko itsasoz harateko kolektibitate izena du, baina funtsean kolonia bat izaten jarraitzen du, XXI. mendeko Kolonia bat.

Igandeko erreferenduma Frantziako gobernu zentralarekin adostuta burutuko da, 1988ko Matignoneko akordioek marraztutako agendaren baitan.

Amaigabea dirudien deskolonizazio prozesuko ekitaldirik garrantzitsuena izan arren, zeresan handia eman du galdeketak. Jatorrizko herritar asko zentsutik kanpo egonen direlako alde batetik, eta ordura arte Matignoneko akordioen baitan, frantses gobernuak hartu beharreko engaiamendu ekonomiko politiko eta sozialen emaitzarik ez delako ikusi bestetik.

Gatazka denboran luzatu izanak eta deskolonizazio prozesua amaiera gabekoa diseinatu izanak, eraginak izan ditu eta, Independentisten artean ere badira erreferendumarekin desadostasunean direnak. FLNKS alderdi independentista historikoak baiezkoaren alde kanpaina egin badu ere, sindikatu independentista nagusiak, USTKEk, erreferendumean ez parte hartzeko deia luzatu du.

Igandean, herritarrek erabakiko dute parte hartu, edo ez. Bai bozkatu ala ez. Hautesontzien bidez edota eguneroko borrokaren indarrez, goiz ala berant, artxipelagoko biztanleek beraien independentzia eta jatorrizko herritarrek duintasuna berreskuratu beharko dute. Kapitalaren indartzeko, Frantziak menpeko mantendu dituen herrien zapalkuntza egoera jasanezina delakoan, askatasuna dugu herrion etorkizunaren berme bakar. Herriok menderatzailearengandik askatzeko bidean elkartasuna dugu indar.

 

Internazionalistok ere Feministon Herrira!

Astelehenean hasi ziren Emakumeen Mundu Martxaren 11. Nazioarteko Topaketak Bilbon munduko hainbat txokotatik etorritako hamarnaka emakumeren presentziarekin: Brasil, Mendebaldeko Sahara, Mozambique, Euskal Herria, Kurdistan, Suitza... Astelehenetik hona hamaika eztabaida izan dituzte hizpide nazioartetik etorritako delegatuek baina bertokook ere izan dugu zer ikusi eta zer ikasi: Bilboko itsasadarrean bisita gidatu feminista, San Frantziskoko muralaren aurkezpena edota astelehenean bertan topaketei hasiera emateko ekitaldia.

Bestelako mundu bat amesten dugunok aukera paregabea dugu gaurkoan Bilbon sistema kapitalista patriarkarraren aurrean alternatiba bat dela ozen adierazteko: Feministon Herria. Euskal Herri askea feminista izango da edo ez da izango eta zentzu honetan hori irudikatzera dator gaurko ekimena. Internazionalistak garen heinean guk ere Euskal Herri aske bat irudikatzen dugu, eta beraz, zapalkuntza orori aurre egingo dion herri batean sinisten dugu. Horretarako, gaurkoa bezalako ekimenek izugarrizko garrantzia hartzen duten eta Mundu Martxak erakutsi digun gisara, feminismoaren eta internazionalismoaren arteko aliantza ezinbestekoa da egun zanpatzen gaituen sistemari aurre egin eta egiazko alternatiba bat eraikitzeko.

Ezinbestean feminismoak internazionalista behar duelako izan eta internazionalismoak feminista, bete ditzagun Bilboko kaleak aldarrikapenez Euskal Herria feminista-internazionalista baten alde!

Gora Euskal Herria feminista!
Gora Euskal Herria internazionalista!

 

 

Urriak 12: atzo, gaur eta beti espainiar inperialismoaren aurrean, herriok erresistentzia!

Venezuelako Bolibartar Errepublikako gizonezkoen futbol selekzioa dugu gaur Euskal Herrian. Hispanitatearen eguna da batzuentzat, arrazakeria, inperialismoa eta genoziodioa goratzeko eguna; euskaldunontzat, berriz, jai egun arrotza izan da beti: herri eskolak antolatu izan ditugu, indar polizial okupatzaileen kanporatzea eskatu... eta aldi berean, internazionalista gisa, Abya Yalaz gogoratzeko eguna ere izan da.

 

Hain zuzen, begirada pixkat bat altxatzeak ematen digu jai egun arrotz bat izatetik haratago, urriaren 12a erresistentziaren egun ere badela ohartzeko beharrezkoa den perspektiba. Duela 5 mende baino gehiago espainiar inperialisten aurrean makurtu gabe borrokatu zirenak, gaur transnazionalen aurka borrokatzen dira, euren lurrak eta gorputzak lapurtu eta ustiatzen dizkietenei hortzak erakutsiz. Sozialismoa iparrorratz, feminismoa ezinbesteko bidelagun, burujabetzarako urratsak ematen jarraitzen dute Abya Yalako herriek. Inperialismoak, borreroak bezala, milaka aurpegi dituen arren, aurka egiteko hautua erresistentziatik abiatzen da. Duela 500 urte bezala gaur egun ere.

 

Horregatik, gaurkoa Mendizorrotzan, Gasteizen eta Euskal Herrian aldarrikapen eta elkartasunaren egun izatea ezinbestekoa da, erresistentziaren eguna, beraz. Eta espainiar inperialismoaren erresistentzia horretan bidelagun gara Euskal Herria eta Venezuelaren burujabetzaren aldeko borrokan dihardugunok, Abya Yala osoan bigarren independentziaren bidean ari diren gainontzeko herri langileekin batera.

 

Soilik borrokak sor ditzake arrakalak inperioen aurrean eta horrelaxe izan da munduko herri langileen garaipenetan. Burgesia transnazionalen eta hauen interesen defendatzaileei aurre eginez ireki izan dira historian arrakala horiek.

 

Honegatik, Askapenatik, urriaren 12 honetan espainiar inperialismoa eta bere txotxongiloen aurrean Herriok erresistitzeko dugun beharra eta eskubidea goraipatzen dugu eta bide batez, erresistentzia horren emakume aurpegia erakutsi nahi dugu. Latinoamerikan, munduko txoko gehienetan bezalaxe, zapalkuntzak zein erresistentziak emakume izena du eta urteetan zehar Abya Yalan euren bizitzak territorio libre gisa borrokatu eta defendatu dituzte: aborto eskubidea, feminizidioen aurkako borroka, biolentzia obstetrikoa, emakume langileen eskubideen aldarrikapenak, emakume beltz edo indigenen eskubideen borroka... Mercedes Sosa, Celia Sanchez, Berta Caceres, Lolita Chavez edo Moira Millan. Emakumezkoen izen propioz osatutako Abya Yalako erresistentziaren mapa da eta gaurkoan hori ekarri nahi izan dugu gogora.

Herri boterea eraikiz, desobedituz, espainiar inperialismoa herrion erresistentziaz garai dezagun, Hispanitatearen eguna, Herrion erresistentzia eguna izan dadin aurrerantzean.

 

Atzo, gaur eta beti inperialismo espainiarraren aurrean, HERRIOK ERRESISTENTZIA!
Hamaika herri borroka bakarra!

Urriaren 7an Brasilen faxismoak irabaz ez dezan

Brasilen diktadura militarrak duela 33 urte azken urratasak eman bazituen ere, txarraska eta bota beltzen zolak dabiltza paseoan herrialdeko urbeetan barrena. Une erabakiorra bizi dute urriaren 7ko hauteskundeen atarian, eta Sao Paulotik Amazoniara, Matogrossotik Bahiara demokrazia eta eskubide zibilen berregituratzea, ala “diktadura gaur egungo erara”, askatu beharreko korapiloa.

80 eta 90. hamarkadetako Brasiliako punkrock talde batek ‘Que país e esse?’ abesten zuen; korrupzioaren, pribatizazioaren, narkotrafikoaren eta elite ekonomikoak kontrolaturiko herriari kantari. Abesti berberak egungo gazteen ahotan dabiltza zoritxarrez, urte batzuk igaro arren transmisio kulturala ez delako izan musikala soilik, eta Sao Pauloko hardcore talde batek zioen moduan, oraindik ere arratoiak korbata eta amerikanaz jantzita dabiltzalako kaleetan. Ordem e progresso.


Hamahiru urte zeramatzan PT Langileen Alderdiak agintean, eta 2014ko hauteskundeak irabazi ostean agintaldia osorik amaitu ezinda kargugabetu zuten Dilma Rousef,f orduko presidentea, 2016an. Horrekin nahikoa ez eta eskuin kontserbadoreak alderdi bereko Luiz Inazio Lula da Silvaren aurkako prozesu judiziala abiarazi zuen, inputatu, frogarik gabe kondenatu eta espetxean sartu zuten arte. Kolpisten proiektu neoliberala hauspotzeko ate guztiak zabalik zeudela zirudien arren, Michel Temerren politika ustelek ez dute sinpatiarik eragin herritarren artean. Ihauterietan purpurina eta ‘Fora Temer!’ oihu artean egin zuen dar-dar Rioko sambodromoak, eta ‘Lula Livre’ mezuak zeharkatzen du gaur Brasil, herrialdeak bizi duen demokrazia faltaren sinbolo argitzat. Piztia zaurituaren ofentsiba neofaxista argia izan da ordea; korrupzio sistematikoa eta errepresioa. Hirietako auzo periferikoetan miseria gorrian bizirauten du klase baxuko sektore handi batek, eta urte erdi eskas igaro da Marielle Franco PSOL alderdi sozialistako zinegotzi eta aktibista feminista erail zutenetik. Esan daiteke aspaldi luzeko krisi politiko-ekonomikorik gogorrena bizi duela herrialdeak; eskubide zibil eta demokratikoen deuseztea eta desoreka sozialaren areagotzea, desindustrializazioa, langabezia tasaren igoera nabarmena, miserian bizi den sektore gero eta handiagoa, e.a.

Orriak