Inperialismoaren aurrean, herriok antolakuntza eta borroka!

Gaurko egunez duela 36 urte, Estatu espainiarra NATO aliantza militarrean sartu zen. Egun horretan, errefendumaren emaitza herri langilearen aurkakoa izan bazen ere, asko izan ziren NATOren aurka kalera irten eta lanketa politikoa egin zutenak. Aurreko hilabeteetan zehar, Euskal Herriaren alde lan egiten zuten hainbat antolakundek argi ikusi zuten onartezina zela aliantza militarraren parte izatea. Askotariko sektoreen arteko elkarlanari esker, Euskal Herrian, Katalunian eta Kanariar uharteetan ezezkoa nabarmendu zen.

[...]

Duela 36 urte ozen aldarrikatu genuen Euskal Herria ez dela inperialismoaren konplize izango, eta gure zeregin internazionalista da, agente inperialistak salatzeaz gain, Europako gainontzeko herri langileekin bat egitea, zapaltzen gaituen Europar Batasuna suntsitzeko.

 

Antolatzeko eta inperialismoari aurre egiteko garaia da.

 

NATO EZ HEMEN EZ INON!

Inperialismo patriarkalari, internazionalismo feminista!

Gaur, kalera.


1910ean Emakume Sozialisten Nazioarteko Biltzarrak sustatu zuen gisan, kalera. Asko zegoen borrokatzeko, eta, testuingurua izugarri aldatu den arren, asko dago borrokatzeko; dena aldatzeko, errotik. Izan ere, dena aldatu nahi izan dugu emakume langile antolatuok. Garaian, Errusiako monarkiaren aurka antolatu ziren, Mundu Gerraren aurka; eta, gaur ere, gerren eta gerra eragileen aurka antolatzen gara. Gerra, noski, ez delako arma tiro pum soila. Gerra indarkeria matxista delako, lanordu amaiezinen kondena, antsietatea, kontrola, bakardadea, desjabetzeak direlako. Orduan antolatu ziren, eta gaur antolatzen gara, antolakuntzarik gabe ez dagoelako gaitasunik itota gauzkan kapitalari aurre egiteko. Eta plano internazionalean ez bada aliantzarik, ere ez.

 

Kontua da nola gauden orain, eta zenbateraino eusten zaion jatorrizko esanahi horri; hau da, emakumeok esplotazio eta zapalkuntza oro gainditu nahi ditugula aldarrikatzen duen aldarri horri.  Emakumeon askapen borrokak zuzenki lotuta egon behar du kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokari; hori hala izan ezean, ez delako, ez klase jazarriaren, ez genero jazarriaren askapenik eskuratuko. Eta ez dugu zalantzarik horrela izan behar duela: helburua langile guztion askapena dela, eta, guk, emakumeok, borroka bikoitza dugula horretan. Modu berean, bere burua antikapitalistatzat eta antiinperialistatzat duenak, ezin dio antipatriarkala izateari uko egin, zapalkuntza eta esplotaziorik gabeko mundu baten alde borrokatzen duenak ezin duelako populazio erdia zuzenean zanpatzen duen patriarkatuaren aurrean ezikusiarena egin.

 

Are gehiago, ez badira borroka horiek uztartzen, instrumentalizatzeko arriskua dago, eta instrumentalizazio horrek zapalkuntza zuzena dakar. Inperialismoak, adibidez, nahieran erabili du emakumeen aurkako zapalkuntza, instrumentalizatu egin du. Ez benetako kezkagatik edo benetan sinets dezakeelako emakumeon askatasun kolektiboan; baizik eta, funtzionala zaiolako politika interbentzionalistetan eta jazarleetan. Beste herrietan esku hartzeko justifikazioa bilatzeko jendartean; Mendebaldea (eta Mendebaldeko emakumeok) hunkitzeko horren aurrean, eta kapitalaren estrategia espantsionistara batzeko. Emakumeen zapalkuntza instrumentalizatzeaz gain, komeni ez zaizkien erresistentziak inbisibilizatu ere egiten ditu, eta aldi berean, komeni zaizkienak bisibilizatu. Izan ere,  emakume langileen erresistentzia eta borroka eredugarri asko topa ditzakegu, hori ezkutatu nahi diguten arren.

 

Bada dena aldatzeko gai den borrokarik, historian zehar protagonista izan diren hamaika emakume sozialista, komunista eta anarkistek utzitako bidean. Bagaude eta egongo gara, lehen lerroetan, beti. Hori estali egin nahi dute, edo nahieran manipulatu. Baina hor gaude. Hemen gaude.

 

Eta, zentzu horretan, internazionalismoak sekulako garrantzia du emakume langileon askapen borrokan; ezinbestekoa da. Zapalkuntzak mugak gainditzen dituen gisan, erresistentziak eta borrokak ere mugez gaindikoak behar dute izan. Hau da, inperialismo patriarkalari internazionalismo feministaz erantzun behar zaio.


Gaur, beste behin, kalera!

Ez herrion arteko gerrarik, ezta klaseen arteko bakerik ere!

Gatazkei buruz egin ohi den irakurketan, gertaerak azaltzen direnean, aurkariak egindako ekintza zehatz baten erantzuntzat aurkezten dira beti, esku hartzeren bat edo beste legitimatzeko. Baina ahaztu egiten da gerra beharrezko egiten duena sistema kapitalista bera dela; krisi garaietan klase burgesak duen premiak eragiten dituela. Hau da, klase sistemak berez behar du gerra, berezkoa du. Sistema kapitalistaren hedapenak ondorio miserable eta kriminalak uzten ditu, sortu zen unetik eta hedatu ahala.

 

Azken urteotan bereziki, Euskal Herrian gertuago ikusten eta bizitzen ari gara sistema kriminal hau, baina bakean bizi garenaren erretorika barneraino sartu digute, maisuki, bai Europar Batasunak, bai inperialismo estatubatuarrak. Bake sentsazio faltsuarekin konformatzea, ordea, indarkeria eta gatazka horiek irtenbiderik proposatu gabe onartzea da. Gerra Errusiak 2022ko otsailaren 24an sortu izanaren sentsazioa helarazi da, eta gerra amaitzeko aukerak honako hauek direla saldu: Errusia presionatuko duten zigorrak ezartzea (zenbaitzuk operazio militarrak ere eskatu dituzte) edota bake-akordioa. Halakoei aitortza emateak ez du uzten ikusten gerran dagoen mundu baten bizitzen ari garela, eta gerra bera onartzea eta legitimatzea dakar; etxetik urrun tokatzen badira, betiere. Otsailaren 24 berean, ordea, Israel Siria bonbardatzen ari zen eta herri palestinarra zanpatzen jarraitzen zuen; Saudi Arabia Yemen sarraskitzen ari zen; Kolonbian buruzagi politiko eta sozialak erailtzen eta mehatxatzen... Zerrendak ez du etenik. Kasu honetan, gatazka legitimatzea eta onartzea ez da soilik AEBk eta EBk Ukrainari babesa ematea Donbasseko errepubliken aurkako gerran; isiltasuna bera ere legitimazioa eta onarpena da.

 

Argi izan behar dugu gerra ez duela amaituko akordio batek, are gutxiago esku hartze inperialista batek. Gerraren aurkako posizioak alboan izan behar ditu klase borroka eta internazionalismoaren indartzea, benetan eten nahi badira. Eskala handiko gatazka armatu batek burgesiaren mesedetara jokatzen du; eta, alderantziz, herriok gara hildakoak uzten ditugunak, bai Ukrainako herria, bai Donbasseko Herri Errepublikakoa kasu honetan. Horren aurka agertzen gara. Baina ez dugu nahi, hain zuzen ere, gerra baten aurka egoteak bide ematea erabat bidegabea den nazioarteko sistema baten legitimitatea indartzeari.

 

Zentzu horretan, komunikabide gehienen jokaera salatzen dugu. Erabiltzen ari dira Ukrainako herriaren miseria, mina eta beldurra; haiek lagundu dute piztarazten gerra, eta hainbat buruzagi politiko baino modu askoz argiagoan ari dira defendatzen militarismoa eta eraso militarrak areagotzeko, Errusia deabrutuz. Izan ere, azken 8 urteotan, agertu al da Donbasseko erasoen irudirik? Dena den, ez da komunikabideen ardura soilik. Bai nazioarteko nahiz euskal sozialdemokraziaren gerra-kondena hutsalek –zuzenki bloke atlantistari edo Europar Batasunari lerrokatzen direnaz arago–, bai EBko gobernuen demokrazia- eta bake-balioen aldeko aldarriek, biek ala biek suposatzen dute eskaintzen zaigun marko hori onartzea eta, horrekin batera, indarkeria edo gerra bera onartzea. Aldarri horiek, gainera, burla bihurtzen dira, aurkakoa baita jarrera: langile klasearen aurkako gerra krudela darabilte, eta, gatazka militarrak babesteaz arago, haietan parte hartzen dute. Hori guztia legitimatzeak edota kondena hutsalak egiteak, sistema kapitalistaren eta haren indarkeriaren aurkako borroka-bide zehatz bat aurkeztu gabe, marko hori onartzea suposatzen du. Eta, jakina, markoa legitimatuz, indarkeria eta gerra bera. Horren guztiaren aurrean, sistema kapitalista kriminal honi aurre egin ahal izateko, konpromisoa eta borroka areagotzearen presa helarazi nahi dugu. Hala egin dute Donbasseko errepublikek urte luzeetan zehar, Mendebaldeko botere faktikoen aurka altxatu ostean; Europar Batasuneko gobernuen identitate faxista agerian utzi dute.

 

Ezin dugu ahaztu, 2014an, EBk eta AEBk Ukrainako estatu-kolpea babestu zutela, haien interesei erantzungo zien gobernu txotxongilo bat ezar zedin; ezta nola entrenatu eta eman zien boterea talde neonaziei, gobernu-aldaketari aurre egiten ari zen oposizioa kontrolatzeko. Talde horiek erre zituzten, bizirik, Odessako Sindikatuen Etxean zeuden lagunak. Ez dugu ahaztu behar, Donbassen, gobernuaren aurkako protestetan, gobernu berriak indar militar eta paramilitarrak bidali zituela hara, eta, ordutik, Ukrainako armada Donesk-eko Herri Errepublika bonbardatzen ari dela, 8 urtez, etenik gabe. Ezin dugu ahaztu, ezta ere, nola arduratu diren EB eta kide dituen komunikabideak, EITB barne, Ukrainako eskuin muturra eta milizia neonaziak zuritzeaz eta bere aurka  borrokan ari direnak kriminalizatzeaz. Eta ez dugu ahaztu behar, ezta ere, Europar Batasunak, Erresuma Batuak eta AEBk, NATOren markoan, tentsioa sustatu dutela eta Ukraina militarki babestu dutela, Donbassekiko erasoak gordintzen ari ziren bitartean. Instituzio horietako bakar batetik ere ez da etorriko gerraren eta gatazken amaiera.

 

Horregatik errepikatzen dugu hainbestetan norbere herria askatzeko borroka dela internazionalismotik egin dezakegun ekarpenik eraginkorrena. Izan ere, herri antolatu eta borrokalari batek soilik egin ahal izango dio aurre inperialismoari eta gerra burgesei, indar-posizio batetik. Horrek ahalbidetuko digu irakurketak idazteaz arago joatea eta irteerarik ez duen labirinto honetatik irtetea. Horrek eta ez beste ezerk. Eta gero eta presazkoagoa da.


 
Europar Batasunaren eta Estatu espainol nahiz frantsesaren instituzio burges eta inperialisten menpean dago Euskal Herria. Bada, Euskal Herri honetatik, euskal internazionalismotik, emantzipazio sozial eta nazionalerako prozesua eraikitzeko borroka egitea izango da gure ekarpenik eraginkorrena; instituzio horiek guztiak suntsitzeko gai izango garen prozesu bat. Eta egungo testuinguruan, horrek esan nahi du, gutxienez, posizio irmoa erakutsi behar dugula Estatu espainolaren, frantsesaren, Europar Batasunaren eta NATOren inperialismoaren aurka. Baita Donbasseko errepubliken ondoan jarri behar dugula ere.

 

Sistema hau birrindu ezean, ez gara libratuko gerraren gaitzaz.

 

 

NATO EZ!
Ez herrion arteko gerrarik, ezta klaseen arteko bakerik ere.

Bueltan dira brigadak!

35 negu inperialismoari aurre egiten,
35 udaberri militante internazionalistak formatzen,
35 uda beste herriekin harreman militanteak sortzen,
35 udazken elkartasuna antolatzen.

35 udagorri Euskal Herria internazionalista eraikitzen,
35 urte udagorritzen!

 

 

 

brigadak@askapena.eus

Orriak