Shengal mehatxupean!

 Basurren (Kurdistan hegoaldea, Irakeko estatuaren menpe dagoena), 1991an ezarri zen KDPren (Kurdistango Alderdi Demokratikoa) agindupeko autonomia antzeko bat. KDP alderdiak, barzanitarren klanaren menekoa, arrez gero etengabeko abusu eta eskubide urraketak burutu ditu herri kurduaren kontra eta noski, barzanitarren interesen alde.


1998a arte, sei urte luzeko guda zibila bultzatu zuen PKK eta herri kurdu antolatuaren beste fakzioen kontra; 2003tik aurrera are agerikoagoa izan da boterearen monopolizazioa eremu politiko, ekonomiko eta sozialeko alor guztietan: korrupzioa, nepotismoa, pobreziaren areagotzea, emigrazioa bultzatu; disidentzia politikoaren kriminalizazio, bahiketa, espetxeratze eta hilketa; herrialdeko legebiltzarraren jarduna gerarazi zuten sistemaren erreforma politikoa planteatzeagatik ere...


 Esan bezala, honek guztiak herriaren kaltetan baino ez du eragin, herrialdeko burgesiak (barzanitarren klanak kasu honetan) etengabeko hobariak eskuratzen zituen bitartean. KDPren gobernuak Turkiarekin dituen harreman komertzialak medio, azken honi urtero milioi erdi petroleo kupel saltzen dizkio. Eta salmenta horretatik eskuratutako dirua atzerriko bankuetara bidaltzen dute barzanitarrentzako jabetzak erosi ahal izateko. Bitartean, 2020ko abuztutik hona, KDPren poliziak 280 pertsona baino gehiago atxilotu ditu, eta gehienek torturapean sinatu behar izan dute protestetan gehiago ez parte hartzearen konpromisoa, bestela baldintzapeko askatasunaren baldintzak urratu eta espetxeratuak izango baitira.

Chadli Alouirekin elkartasun internazionalista!

 Askapenatik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu Palermoko (Sizilia) Chadli Aloui kideari, bertako polizia eta epaitegiek beraren aurkako kontrol bereziko neurrien ezarpenaren aurrean.

Chadli Aloui, ikasle eta artista gaztea, Palermo erdiguneko auzo pobretuetako nerabe eta gazteekin egindako heziketa lanagatik ezaguna da. Herri gimnasioan entrenatzaile eta antzerki sozialetako aktorea izanik, ez ditu bere balore antiarrazista eta antifaxistak ezkutatu lan militantea egiterako garaian. Pertsona migranteen eskubideen alde, erraustegien aurkako borroketan, espetxeratutako gazteen alde eta Siziliaren defentsan ere aritzen da Chadli.

 

Gaur, arazoak 17, bere ideiak defendatu eta lan politikoa egiteagatik epaitua izango da eta "arrisku berezidun subjektu" izendatzeko arrisku larrian da, italiar faxismo garaiko kode penaletik oraindik orain mantentzen den neurria, bere askatasuna mugatzeko propio diseinatutako prozesu baten baitan.

 

 Chadliren aurkako epaiketa bertan behera uztea eta bere berehalako askatasuna aldarrikatzen dugu, helburu honekin abiatu den kanpainarekin bat eginez.

 
NO ALLA SORVEGLIANZA PER CHADLI!

Gdeim Izik duintasunaren kanpalekuaren X. urteurrena

Egun hauetan 10 urte betetzen dira herri sahararrak egindako mobilizazio jendetsu eta esanguratsuenetik; 10 urte gendarmeek eta marokoko indar armatuek azkenengo urteotan burututako sarraski krudel eta lazgarrienetik.

 

2010eko urriaren 20an herri sahararra altxatu eta okupazio marokoarrarekin amaitzeko zein giza eskubideen alde borrokatzeko Gdeim Izik kanpalekua eraiki zuen. Mendebaldeko Saharan kultura sahararrarekin zerikusia daukan guztia debekatuta dago, baita jaimak ere. Horregatik, egun horretan sahararrek soinean makilak eta melfak ezkutatu eta beraien herriko hiriburua den El Aaiünetik 16 km-tara kokatutako basamortura abiatu ziren, bertan milaka jaima eraikiz eta duintasun kanpaleku desobediente erraldoia antolatuz. 20.000 sahararretik gora bildu zituen ekimen adoretsuak, bereziki emakumeak, umeak eta gazteak. Askorentzat udaberri arabiarraren pizgarria suposatu zuen Saharako hareetan ereindako askatasun aldarri honek. Herri sahararrak bere ohitura eta sustraiak berreskuratu zituen lurralde okupatuetako basamortu hartan eta egunak eman zituen Marokoko indar armatuen zein gendarmeen mehatxuei eutsiz.

 

 

Urriak 12: Kapitalaren aurka, herriok erresistentzia!

Aste antiinperialista pasa berri dugun arren, borroka antiinperialistak ez du etenik. Munduko herrion ahotsak elkartu genituen astebetez inperialismorik gabeko mundu bat aldarrikatzeko eta gaurkoan, urriaren 12an, konpromiso horretan berresten garela ozen esango dugu.


Urriaren 12a jatorrizko herrien erresistentziaren memoria aldarrikatzeko eguna da. Gogoratzeko asko dugu egun honetan, ospatzeko ezer ez badugu ere. Izan ere, herrien duintasunak haien porrotak festa bilakatzea eragozten baitie, zapaltzaileek festa horiek inposatu nahi badizkigute ere.


Urriaren 12an harro sentiarazi nahi gaituzte; Gaztelako Koroak bidalita, Cristobal Colon izeneko tipo batek 1492an lehen aldiz Guanahani uhartean lurra zapaldu zuen, horrela,  Amerika konkistatzeko eta kolonizatzeko prozesuari hasiera emanez. Orduan, 60 milioi biztanle zituen. 130 urte geroago, 3 milioi besterik ez ziren geratuko. Hau da, Amerikan bizi zen biztanleriaren % 95a desagerrarazi zuten gizateriak ezagutu duen genozidiorik basatienean.

 

 

 

Orriak