Arduragabekeriak eztanda egin du Beiruten

Abuztuaren 4ko 18:10etan 2.750 tona amonio nitratok eztanda egin zuten Beiruteko portuko biltegian. Lehertzeak hiriaren erdiarengan eragin zuzen eta suntsitzailea izan zuen, momentu honetan 171 hildako eta 6.000 zauritu baino gehiagoren berri dago, 300.000 pertsona inguru etxerik gabe geratu dira, eztandak zeharo hondatu dituelako ala bertan bizitzerik ez daukatelako. Koronabirusaren pandemiari estu eta larri erantzuten ari ziren ospitaleek ere galerak pairatu dituzte, izan ere, hiriko lau zentrok eskariari erantzuna emateko gaitasunik gabe daude.


Zazpi urtez egon da neurri berezirik gabe konposatu kimikoa pilatuta, horrenbestez honek suposatzen zuen galzoriari ez ikusia egin diote ordezkari politikoek. Sei urte luzez arriskuari buruz ohartarazten saiatu direnak ordea, argi zeukaten erabilera militarraz gain, hiriarentzat neurririk gabeko deuseztapen potentziala suposatzen zuela. Berehala hedatutako irudi eta bideoetako materialaren berehalakotasunak eta ikusgarritasunak behartuta bezala, erabat asaldakorrak diren albisteak ekarri dizkigute egunotan, bati baino gehiagori gerra hotsak iradoki dizkionak.

 

Eztandarekin batera, Mediterraneo itsasoarekiko lehentasunezko sarbidea galdu du Libanok. Herrian jaten denaren %85a inportazioen baitan zegoen, eta honek ez dio dagoeneko makalduta dagoen ekonomiari eragiten bakarrik, portuan kokatuta zegoen Libanoko gari gordelekurik handienaren suntsipenarekin batera 15.000 tona gari galdu dira, beraz, batez ere eros-salmenta apala dutenentzat, oinarrizko jakiak ekoizteko gai honen suntsipen masiboak suposatzen du larritasun ekonomikoak, inoiz baino gehiago, beharrizan oinarrizkoenei ere eragingo diela.

Venezuelatik hausnarketak, salbuespen egoeren aurrean

Martxo erdialdean ezarri zituen Venezuelako Gobernuak konfinamendua eta beste zenbait neurri herrialde osoan. Kontinente mailan neurri zorrotzak hartu zituen lehenengo herrialdetako bat izan zen eta, zalantzarik gabe, horrek pandemia kontrolatzen lagundu zuen. Gaur egun 2000 gaixo baino gutxiago daude herrialdean eta 20 lagun baino gutxiago hil dira COVIDa dela eta. Horrez gain, neurriak goiz hartu izanari esker, etengabe herrialdera itzultzen ari diren migranteen egoerari eta horrek ekar dezakeen osasun arazoari aurre egin zaio.

 

Venezuelak aspaldanik jasaten duen eraso ekonomikoei gehitu zaio osasun larrialdi hau, eta horregatik, Kuba, Txina eta Errusiatik jaso dituzte pandemiari hobeto aurre egiteko mediku eta baliabideak.

 

Goiz hartutako neurriak eta jasotako elkartasuna izan dira Venezuelan gaixotasuna kontrolatua mantendu izanaren gakoak. Zentzu horretan, herritarrek bere burua nahiko babestua sentitzen dute, baina aste hauetan kanpo erasoak inoiz baino gehiago areagotu dira, besteak beste, petroleo ontzien blokeoa, Maduro bahitzeko saiakera eta oposizioaren kanpo-eraso eskaerak.

 

Bestalde, konfinamenduari luze eustea zaila da, ekonomia informalaren menpekotasuna handia da Venezuelan, eta ekonomia mota horrek kale bizitzaren beharra dauka. Egoera honi eusteko, besteak beste, Gobernuak diruz lagundutako elikagaien banaketa sistema indartu eta oinarrizko zerbitzuak moztea debekatu du.

 

Erronka berri honen aurrean dago gaur Venezuela, azken urteetako irakaspenek benetako indarra herri antolakuntzan dagoela soberan erakutsi dute eta Chavezen oihua “COMUNA O NADA “ inoiz baino ozenago entzuten da aspaldidanik. COVIDa dela edo inperioaren edozein eraso dela, badakigu Venezuelako herriak amorerik emango ez duela eta borrokan tinko eutsiko duela.

 

Horretaz guztiaz aritzeko, Corriente Revolucionaria Bolivar y Zamorako kidea den Zuleima Vergel ekarriko dugu gure hausnarketa internazionalisten ziklora, larunbat honetan. Animatu eta batu solasaldira!


 

Salbuespen egoeren aurrean, herriok tinko!

 

 

Bolivia: Covid 19a, errepresioa eta berrezarpen kolonial neoliberala

Covid-19aren etorrera Boliviara ezin zen egoera okerragoan izan. Osasun-sistema ahul baten gabezia nabariei eta biztanleriaren zati handi batek berau eskuratzeko baliabide urriei, biztanleriaren gehiengoa ekonomia informalaren menpe dagoela gehitu beharko genioke eta, beraz, pandemiak ezartzen duen konfinamendu-egoera nahitaezkoak gizarte-zaurgarritasun ikaragarri batean kokatzen du sektore hori. Gainera, Evo Moralesen gobernuak azken 14 urteeotan lortutako gizarte-aurrerapenen eta pobrezia murriztearen atzerakada azkar baten aurrean kokatzen gaitu.

 

Halaber, emakume konfinatuen egoera zaila ere nabarmendu behar da, askotan tratu txarrak ematen dizkieten gizonekin harrapatuta, indar polizialak pertsonen bizitzak zaintzea baino, errepresioaz eta polizia-matxinadez gehiago arduratzen diren herrialde batean.

 

Amaitzeko, eta hori izango da, seguruenik, larriena, Ameriketako Estatu Batuetako estatu-sailak prestatutako eta Santa Cruzeko oligarkiak eta kasta politiko neoliberalek exekutatutako estatu-kolpeak erabat hautsitako herrialde bat aurkitzen dugu. Hauek Yanine Añez presidentea jarri zuten gobernuan, eta erresistentzia-sektoreen aurkako errepresio bortitz baten bidez lortu zuen kolpea sendotzea.

[...]

Patxi, internazionalistok zurekin!

Askapenatik, Euskal Herrian zein nazioartean hainbat eta hainbat eragilek egin duten moduan, Patxi Ruizekin gure elkartasuna adierazi nahi dugu.


Apirilaren 17ko agirian genioen moduan, preso politikoen jatorri eta izaera politikoa da, eta hau da Patxi egoera honetara eraman duen arrazoia; estatu espainolak geure herrikideen kontra bideratzen duen eta mendekuan oinarritzen duen espetxe politika ankerra.


Espetxeak berez dira sistema kapitalista heteropatriarkalak sortzen dituen izuen gordeleku, berezkoa da zapalketa, errepresioa...kartzeletan. Eta preso politikoei dagokienez, jazarpena biderkatu egiten da.

 

Balio bezate lerro hauek geure besarkada bero eta zintzoena helarazteko Patxi Ruizi eta gainontzeko euskal preso politikoei. Askapenako kideok, internazionalistok, ez zaituztegu bakarrik utziko. Horregatik bat egiten dugu Patxi Ruizekiko elkartasunez Euskal Herrian burutuko diren mobilizazio guztiekin, internazionalistok han izango gara.

 

Euskal preso eta iheslariak etxera!
Espetxeak apurtu!

 

Orriak