Irakurketak

Ez dago argudio nahiko PKK europako erakunde terroristen zerrendan sartzeko

2018ko azaroaren 15ean, Europar Batasuneko Justizia Tribunalak baliogabetu egin ditu Europar Batasuneko Kontseiluak PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) “terroristen zerrendan” sartzeko egindako hainbat ekinbide, horretarako nahikoa argudio ez zela argudiatuta.


2001eko irailaren 11n AEBen kontra izandako erasoen ondorioz, hainbat neurri eta ebazpen argitaratu zituzten Nazio Batuen Segurtasun Batzordeak eta Europar Batasuneko Kontseiluak, terrorismoa mundu mailan borrokatzeko asmoz. Ebazpen horietako batean, honako hau erabaki zen: zerrenda bat osatzea eta zerrenda horretako pertsona, talde eta erakundeen funts eta baliabide ekonomikoak izoztea edo blokeatzea. Hartatik, PKK zerrendan sartu zuten 2002an, baita harekin nolabaiteko lotura zuten pertsona, talde eta erakundeen funts eta baliabide ekonomikoak adierazi ere.

Harrez geroztik, Europar Batasuneko Kontseiluak urtero berritu du zerrenda eta PKK bertan egotea bermatu. Horren aurrean, badira 4 urte PKK alderdiak prozedurak jarri dituela martxan Kontseiluaren aurka. PKK alderdiak bere aktiboak desizozteko borrokan jarraitzen du, Europar Batasuneko Kontseiluaren neurri murriztaileek ez baitute etenik izan. Zerrenda urtez urte eguneratzen da, baina PKK orain arte zerrenda horretan egon da; haatik, Europar Batasuneko Justizia Tribunalaren erabakiak PKKri zilegitasuna ematen dio nazioartean.


Aipatutako ondorioez harago, epaiak agerian uzten du Europar Batasuna osatzen duten Estatuek tematuta jarraitzen dutela erakunde terroristen zerrenda biziberritzen. Gainera, testuinguru honetan, ez dugu ahaztu behar Europar Batasuna izan zela Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari milaka milioika euro eman zizkiona “errefuxiatuen afera kudeatzeagatik”; zeinek eta Europar Batasunak, Ekialde Hurbilean ezegonkortasun politika etengabeak aplikatu eta gerra inperialistak babesten dituen horrek; nori eta Erdogani, 2014tik Turkian erregimen autoritarioa ezarri eta NATOko bigarren armada bere asmo inperialistak garatzeko erabiltzen duen horri.


Milaka izan dira Turkiar estatuak eraildako kurdu eta ezkerreko militante turkiarrak; torturatuak, umiliatuak, ukatuak... Eta Otomandar Inperioaren nostalgiaz bizi den Presidente faxistak ez du mugarik bere boterea ezartzerako orduan. Baina Europar Batasunak hitzez halakoak arbuiatzen baditu ere, haren ekintzek bestelakoa adierazten dute. Hala, agerian geratzen da, terrorismoaren aurkako doktrina garatuz, ezarritako statu quoa babestea besterik ez dela asmoa, herrien askatasuna ukatuz. Estatuek, eskura dituzten tresna guztiekin eta bortizkeria handienaz, jarraituko dute askapen borrokak zapaltzen.

 

Euskal Herrian ezagun zaigu egoera, eskarmentua dugu terrorismoaren aurkako doktrinaren mehatxupean bizitzen, milaka izan baitira gure herrian dauden poliziek atxilotu eta torturatutako herritarrak, baita eraildakoak ere; hamarnaka legez kanpo utzitako antolakundeak... Albiste honek, beraz, Kurdistango anaia-arrebei gure besarkadarik beroena helaraztera garamatza, garaipen txiki honen aurrean.


JIN JIYAN AZADI!
BIJI KURDISTAN!

Azaroak 25: internazionalismotik ere jarrai dezagun memoria feminista eraikitzen!

Oroimenak osatzen du memoria. Eta memoriak, idatzi, historia. Ondo baino hobeto dakigu, baina, historia, gizon zuri heterosexualak idatzi zuela. Eta emakumezkoak itzalpera bota gintuztela. Bada garaia ilunpetik argitara ateratzeko, eta herri memoria eta, bereziki, memoria feministaren erroei eusteko. Guk geuk osatutako memoria berreskuratzen hasteko unea iritsi da eta horrekin batera internazionalismoaren historia luzean giltzarri izan diren hamaika emakumeak lehen planora ekartzeko unea. Emakumeak gerrako fronteetan, gidaritza politikoetan, liburu furtiboen idazketetan, matxinaden atzean, herriaren eraikuntzan, ideien gudan, zaintza lanetan, auzolanetan... Kontaezinak dira emakumeok mendeetan zehar historiari eta beraz, borrokari, egindako ekarpenak. Bada, goazen gaurkoan horiek guztiak balioan jartzera!

Izan ere, memoria feminista ezkutatzea, indarkeria sexista mota bat da. Geure historia eta istorioetatik desjabetzea, horiek desitxuratzea edota gure memoriak eraikitzeko tresnak ukatzea, emakumeon aurkako indarkeria dira, ondo baitakite kapitalismo patriarkalaren aurkako subjektu garela. Horregatik ukatzen zaigu memoria, ondarerik ez dugula sinestarazteko, isilarazteko eta jazarririk mantentzeko. Hala azaldu ziguten Erdi Aroa, emakume ahaldunduak sorgin gaizto bihurtuta, hainbatek emakume horien aitortza egin zuten arte. Subjektu izaera ukatu digute gure bizitzako esparru guztietan eta, noski, baita gure memoria kolektiboaren baitan ere. Internazionalistok ondotxo ezagutzen dugu hori: nork ez ditu ezagutzen Ché, Chavez, Fidel, Pakito... Baina, 30. urteurrenean esan genuen bezalaxe, internazionalismoaren ibilbidean ezinbestekoak izanak diren arren, gehiegitan ikusezinak izan diren horiei guztiei zor diegu, eta gu ere memoria feminista horretan gure aletxoa jartzera goaz: Eva Forest, Begoña Gacía “Alba”, Marta Gonzalez “Begoña”, Doris Benegas…

Julio Borges, ez zara ongi etorria Euskal Herrian

(abajo en castellano)

Venezuela Aurrera plataformak Venezuelako justiziatik ihesi dagoen Julio Borges Euskal Herrira gonbidatu nahi dutela salatu eta Euskal gizarteari ohartarazi nahi dio. Zehazki pertsonai honek Euskal Herriko eskuinak zein Europako eskuinak gonbidatuta, datorren azaroaren 21 eta 23rako Bilbon antolatu dituen ekimen batzuetan parte hartuko du.


Pertsona honek (betiere bere iritziz) Venezuelan eta Latinoamerikan gertatzen ari denarekiko lekzioak eman nahi dizkigu. Eskualdeko herrien burujabetzak etengabeko erasopean dira eta faxismoa bidea egiten ari da, besteak beste stablishment-aren eta gurean EAJ-PNVren laguntzari esker. Abya Yalako prozesu aurrerakoiak arrisku bizian daudela ezin dugu ahaztu eta orain ez hainbeste irabazitako hamarkadaz ari baginen, agian Macri, Duque eta Bolsonaaroen tankerakoen eskuetan galdutako hamarkadaz hasi beharko dugu hizketan. Eskenatoki konplikatua eta gogorra dudarik gabe aurrean duguna, euren askatasunaren alde borrokan duaden herriei ahotsa eman eta babesten jarraitzeko gure konpromiso internazionalistan berresten gaituena.


Julio Borgesi dagokionez, gogoratu behar da, Venezuelako herriari zuzenean eragin dioten hainbat delituta nahastuta egon dela. Besteak beste “La Salida” gisa ezagutzen dugun 2014ko operazioa Nicolas Maduroren gobernuaren erorketa bilatzen zuena; Venezuelaren aurka Estatu presidenteei, erakunde publiko eta erakunde finantzieroei eginiko zigor eskari eta blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzieroa, inperio estatubatuarraren aginduei men eginez martxan jarritako presio neurri bezala; Gobernu Bolibartarraren eta oposizioaren artean Errepublika Dominikarrean nazioarteko bitartekariekin erdietsitako Bizikidetza eta Bake akordioak sinatzeari uko egin ondoren, elkarrizketak etetea eta berriki Venezuelako Justizia Epaitegi Gorenak ikertua eta deitua izan da Caracasen pasa den abuztuaren 5ean Errepublikako presidente den Nicolas Maduroren eta goi kargu militarren kontrako atentatuan bere balizko parte hartzearen inguruko zantzu, froga eta egitateen harira.


Arrazoi guzti hauengatik Venezuela Aurrera plataformatik honakoa diogu; Julio Borges, ez zara Euskal Herrian ongi etorria eta pertsonai hau Nazioarteko Zuzenbidea urratuz eta gure herriari iseka eginez gure herrira gonbitu izana gaitzesten dugu, eta Venezuelako herriaren burujabetza eta autodeterminazio eskubidearen aldeko konpromisoa berresten ditugu. Era berean datorren azaroaren 21ean 19:00tan Sabin Arana Fundazioaren aurrean, Mandobide kalea 6-3-n, eginen den elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.

 

¡VENEZUELA AURRERA!
EZ DIRA PASAKO!
HERRIEN BURUJABETA ETA AUTODETERMINAZIOAREN ALDE!


Bilbao, 2018ko Azaroak 14

Kanakiako independentzia erreferenduma: menderatzailearengandik askatzeko bidean herriok elkartasuna indar

Igande honetan, Ozeaniako Kanakian – Kaledonia Berrian- independentzia erreferenduma eginen da. Herritarrek «Nahi al duzu Kaledoniak subirautasun osoa lortzea eta independente bilakatzea? galderari erantzun beharko diote baiezkoarekin edo ezezkoarekin. 1858an, Frantziak kolonizatu zuenetik, lehenengo aldia da herritarrek beraien etorkizunaz hautesontzietan iritzia eman ahalko dutela.

Nahiz eta kolonizazioak iraun duen urteetan zehar menderatzailearengandik askatzeko altxamenduak egon diren herritarren partetik, eta Nazio Batuen Erakundeak «deskolonizatu beharreko herrien» zerrendan daukan Kaledonia Berria, azken mendean, Frantziar estatu zenatralak bere menpe dauka Kaledonia Berria. Eta beraz, deskolonizatu beharreko herri horrek egun oraindik kolonizatua segitzen du. Garaian kolonia izena erabiltzen zen, egun frantses estatuko itsasoz harateko kolektibitate izena du, baina funtsean kolonia bat izaten jarraitzen du, XXI. mendeko Kolonia bat.

Igandeko erreferenduma Frantziako gobernu zentralarekin adostuta burutuko da, 1988ko Matignoneko akordioek marraztutako agendaren baitan.

Amaigabea dirudien deskolonizazio prozesuko ekitaldirik garrantzitsuena izan arren, zeresan handia eman du galdeketak. Jatorrizko herritar asko zentsutik kanpo egonen direlako alde batetik, eta ordura arte Matignoneko akordioen baitan, frantses gobernuak hartu beharreko engaiamendu ekonomiko politiko eta sozialen emaitzarik ez delako ikusi bestetik.

Gatazka denboran luzatu izanak eta deskolonizazio prozesua amaiera gabekoa diseinatu izanak, eraginak izan ditu eta, Independentisten artean ere badira erreferendumarekin desadostasunean direnak. FLNKS alderdi independentista historikoak baiezkoaren alde kanpaina egin badu ere, sindikatu independentista nagusiak, USTKEk, erreferendumean ez parte hartzeko deia luzatu du.

Igandean, herritarrek erabakiko dute parte hartu, edo ez. Bai bozkatu ala ez. Hautesontzien bidez edota eguneroko borrokaren indarrez, goiz ala berant, artxipelagoko biztanleek beraien independentzia eta jatorrizko herritarrek duintasuna berreskuratu beharko dute. Kapitalaren indartzeko, Frantziak menpeko mantendu dituen herrien zapalkuntza egoera jasanezina delakoan, askatasuna dugu herrion etorkizunaren berme bakar. Herriok menderatzailearengandik askatzeko bidean elkartasuna dugu indar.

 

Orriak