Historia ez dadin amaitu.

Iritzi artikulua
Xabier Lasa, Askapenako kidea

 

Mamu bat dabil Europan barrena: komunismoaren mamua. Horrela hasten da duela 174 urte idatzitako Manifestu Komunista. Sozialismoaren utopia zaharra zientzia bilakatzen hasia zegoen ordurako. Owen, Saint-Simon, Fourier eta antzeko utopisten eskutik lehenago, nola Flora Tristan eta beste hainbeste emakumeren borrokatik ikasiz, sozialismo zientifikoaren bidea arakatzen hasi ziren Marx eta Engels. Garai berean egin zuten eztanda iraultza burgesek, Europako herrialde ugaritan; langileek bultzatutako, baina burgesiaren interesek gidatutako iraultzak. Oraindik ere, ez zen langile-programa osaturik, garai hartan.

 

1871ko martxoa izan zen, hain zuzen ere, lehen langile programarekin ereindako matxinada. Vive la Commune! leloaren atzean, jendarte berri baten aldarria ezkutatzen zen; eta, aldarriaz harago, gorpuztu ere egin zen ideia. Langile armatuak Parisko kaleak hartu zituzten, barrikaden atzean, eta praktikara eraman zituzten beste jendarte eredu baterako oinarriak, 2 hilabetetan zehar. Langileriaren zuzenbideak ordezkatu zituen erregimen burgesaren legeak. Poliziaren ordez, herri miliziak; delegazioaren ordez, ordezkaritza. Funtzionarioak deuseztatu eta kargu aldagarriak jarri zituzten administrazio publikoan. Mahai gainean jarri zen langileon boterea artikulatu zuen lehenetariko esperientzia, burgesiaren estatua komunarengatik aldatu zutenean. Langileriak bere interesak defendatuko zituen programa eta egitura formak loratu zituen.

 

Kapitalismoa bere fase gorenera iritsita zegoen ordurako, fase inperialistara. Munduko lurralde gehienak Europako potentzien artean banatu zituzten, baina, aldi berean, kolonizatutako herrietako erresistentziak ere loratzen hasi ziren. Aurretik Abya Yalan gertatu bezala, Afrikako eta Asiako herriak altxatu egin ziren Europako metropolien kontra. Garai hartan, entzutetsuak izan ziren frantziarren eta britainiarren sarraskiak, bai Algerian, bai Indian. Hala iritsi zen Lehen Mundu Gerra, munduko potentzia handien arteko gerra interburgesa. Kapitalismoak goia jotzen duenean, krisitik ateratzeko duen aukera bakarra izan ohi da gerra.

 

Bitartean, sozialdemokraziaren barruan eztabaidak areagotu ziren. Hainbat faktorek erreformismoari ateak ireki zizkioten Europako alderdi gehienetan, besteak beste, Europako parlamentarismoak, kolonietako sarraskien aurrean izandako arduragabekeriak eta nazionalismoaren gorakadak. Asko izan ziren eztabaidak, II. Internazionalean; horietako ugari argitu zituzten eta dizkigute, batetik, Kautsky-k, Berstein-ek, Oto Bauer-ek, eta, bestetik, Zetkin-ek, Rosa-k, Liebnick-ek, Lenin-ek eta beste hainbestek. Eztabaida teorikoak bezain praktikoak; eraginkorrak bezain tragikoak. Milioika langilek galdu zuten bizia Gerra Handian langile klasea burgesia nazionalen esku uzteagatik, nahiz eta 1917ko iraultzarako oinarriak jarri ziren bertan eta klase gudatik herrion bakera kontsigna praktikara eraman.

 

Izan ere, XX. mendea iraultza sozialisten mendea izan zen Europan. Sobietar Iraultzaren ostean, mendearen lehen erdialdean, iraultza saiakerak biderkatu egin ziren Europako herrialde gehienetan: Alemaniako kontseiluak, Italiako langile borrokak, Irlandako askapen gerra eta James Connollyren sozialismo abertzalearen lehen pausuak... Kooperatibismoaren, kontzejismoaren eta iraultza saiakeren hamarkadak izan ziren. Faxismoaren gorakadak eta erreformismoaren traizioak  30eko hamarkadarako gerrara bidean jarri zuten berriro ere Europa, eta askotariko faxismoen aurkako bataila odoltsuari aurre egin behar izan zitzaion. Erresistentzia handia izan zen, ordea: brigada internazionalak, makiak, partisanoak, armada gorria... Eta 1945eko maiatzaren 9ko garaipenean gorpuztu zen epika iraultzailea, ekialdeko herri errepublikei bide eman ziena, hala nola Alemaniako Errepublika Demokratikoari, Jugoslaviari, Txekoslovakiari, Errumaniari eta Hungariari. Deskolonizazio prozesuak azkartu zituen eta nazio askapen prozesuentzat bultzada izan zen, bai Afrikan, bai Asian, bai Europan. Esperientzia hark aukera eman zuen arlo ugaritan esperimentatzeko: kulturan, ekonomian, baita pertsonen arteko harremanetan ere.

 

Orduko hainbat gertaerek eman zioten gaur egungo fase historikoari hasiera, besteak beste, petrolioaren krisiak, Margaret Thatcherren There is no alternative ideiak, Sobietar Batasunaren erorketak eta Europar Batasunaren eraketak. Gutxika, pentsamendu erreformista gailendu egin zitzaion pentsamendu iraultzaileari, egondako erresistentziei muzin egin gabe. Horren guztiaren ondorioz, ofentsiba kapitalista ekonomiko, politiko, militar eta kulturalak inoiz baino bortitzago kolpatu zuen langileria, eta langile antolaketak birrindu zituen. Indibidualismoa, errepresioa eta bizi baldintzen okertzea zirela-eta, areagotu egin zen nork bere burua salba zedin irtenbide ez-antolatuak bilatzeko joera. Elkarrekintza handitu beharrean, denok denon kontra jarri gintuzten lanean. Historiaren amaiera ote?

 

Baina errealitateak behin eta berriro azaleratzen du boteredunek ezkutatu nahi dutena, dominazio sistema kapitalistaren baitan, bizitza ez dagoela inolaz ere ziurtatuta. Gerrak, pandemiak, gosea, hondamendi ekologikoa... Sistema honek sortzen dituen ondorioak dira; eta txikituz joan beharrean, handituz doaz, urtez urte. Hori guztia horrela izanik, argi ikusten da, Tatcherren hitzak hartuta, alternatibarik ez dugula. Beraz, ezinbestekoa da kapitalismoa gaindituko duen sistema eraikitzea, espezie bezala bizirik iraun nahi badugu; eta oraindik eraikitzeko dagoen historia da sozialismoarena. Izandako esperientziek erakusten digute jendartea antola daitekeela beste modu batzuetan, eta aurretik izandako akatsak zuzentzeko aukera ere ematen digute.

 


Horrenbestez, gaur gaurkoz, guri dagokigu porrotetik ikasi eta sozialismoaren eraikuntza historikoarekin bat egitea. Aurreko belaunaldiek egin bezala, bandera gorriaren azpian, burgesia langileon interesetara makurraraziko duen jendarte eredu bat egingarri bihurtzea. Euskal Herritik hasita, beste nazio zapalduekin batera, langileon proiektua gorpuztu arte. Historia ez dadin amaitu, jarrai dezagun borrokan.

 

APURTU KAPITALAREN EUROPA!

Maiatzaren lehenean, jarraitu internazionalismoan antolatzen

 

Maiatzaren lehena munduko langileriaren eguna bada ere, berez, langileen borrokarako egun  izendatu zen 1889an. II. Internazionalak ezarri zuen egun hura aldarrikapen eguntzat, 3 urte lehenago Chicagon gertatutako sarraskiaren ondoren. Garai hartan, askotarikoak ziren langileriaren alde lan egiten zuten antolakunde eta mugimenduak, baina internazionalismoaren oinarria hartuta, munduko langile guztiok etsai berdina dugula, alegia, nazioarteko aliantzen beharrezkoatasuna aldarrikatzeaz haratago, Internazionalak sortu zituzten.

 

Asko izan dira azken berrehun urteetan sortutako nazioarteko aliantza eta estrategiak. Internazionalak izan arren ezagunenak eta nazioarteko borroka komuna abiatu zutenak, gerora ere egon dira aztertu beharreko egitura politikoak. II. Mundu Gerra amaitu eta Europa Gerra Hotzean murgilduta zegoen bitartean, kolonizatuta zeuden herri langileen askapena hasi zen. Afrikako eta Asiako herriek jarraipena eman zieten Abya Yalako askapen borrokei, baina, azken horretako neokolonizazio prozesua saihesteko, Bandungko konferentzia (1955) sortu zuten, independentzia lortu berri zuten herrialdeen arteko aliantza bideratzeko asmoz. Hamaika urte beranduago, 1966an, Afrika, Asia eta Abya Yalako hainbat Estatu, mugimendu eta alderdik Tricontinentala sortu zuten Habanan. Kolonialismoaren, neokolonialismoaren eta inperialismoaren aurkako aliantza sinbolikoetatik harago, herrion arteko elkartasun praktikoaren beharrezkotasuna aldarrikatu zuten. Betebehartzat definitu zuten, hain zuzen ere, Konferentziaren parte ziren mugimenduek babesa eta laguntza (ekonomikoa, politikoa nahiz militarra) ematea borrokan ari ziren herri langileei.  

 

Gaur egun halako egiturarik ez daukagun arren, badira munduan zehar sortu diren eta sortzen ari  diren aliantza estrategikoak, Abya Yalan, Hego Afrikan, Ekialde Hurbilean... Europako herri langileoi gure lurraldean antolatzea dagokigu, beti ere herri bakoitzaren izaera errespetatuz; izan ere, aliantzak ez dira soilik estatuen artekoak izan behar, nazio zapalduak eta askapen mugimenduak ere aliantzen parte izan behar dira.

 

Mundu osoko langileria antolatua egon behar bada ere, Euskal Herriko langileriari, zehazki, hemen antolatzea dagokigu; alde batetik, Euskal Herria nazionalki eta sozialki askatuko duen langile mugimendu iraultzailea antolatuz, komunismoa ipar izango duena, eta bestetik, Europan gaudenez, eta frantziar eta espainiar estatuen zapalkuntzaren menpe gauden heinean, bi estatu horien eta Europar Batasunaren aurka borrokan jarraituz. Horretarako, ezinbestean, Europako herri langileekin bat egin eta estrategia nahiz egitura komunak bultzatu beharko ditugu.

 

Askapenatik, Euskal Herria sozialista eraikitzeko lan egiten jarraitzera dei egiten dugu, burgesiaren eta beren kolaboratzaileen aurkako borroka izango baita Euskal Herriak estatu propioa izateko bidea, Euskal Herri langilea askatzea baita gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik handiena.


 

Hamaika herri, borroka bakarra!

 

Gora munduko langileria!
Gora Euskal Herria Sozialista!

 

2022ko maiatzaren 1ean
Askapena, Euskal Herriko Erakunde Internazionalista

Europako funtsak: zer dute atzean?

Burgesiak eraikitzen duen oro, suntsitzeko sortua da. Horrela labur dezakegu Alderdi Komunistaren Manifestuko ideia nagusietako bat. Marx-ek eta Engels-ek ohartarazi zutenez, “Burgesiak, burgesia izatekotan, etengabean aldatu behar ditu ekoizpen-bitartekoak”. Horregatik, krisiek, berdin da zer izaera duten, funtzio bat betetzen dute kapitalaren berrantolaketan; gehiegizko esplotazioa areagotuz, irabazi-tasa handitzen dute

Irakurri txostena

 

 

 

FONDOS EUROPEOS: ¿QUÉ ESCONDEN?

Todo lo que la burguesía construye, es construido para ser destruido. Así podemos resumir una de las ideas principales del Manifiesto del Partido Comunista donde Marx y Engels alertaron que “La burguesía no puede existir sin revolucionar constantemente los medios de producción”. Es por ello que las crisis, independientemente de su naturaleza, cumplen una función en la reorganización del capital, desempeñando la necesaria tarea de aumentar la tasa de ganancia a través del aumento de la sobreexplotación.

Leer el documento

Ofentsiba inperialistaren aurrean, apurtu Europaren kapitala!

Kendu nahi diguten beste oroimenerako egun bat da maiatzaren 9a, faxismoaren aurkako Garaipenaren Eguna, Alemania nazia sobietarren aurrean errenditu zenekoa. Izan ere, ez dira gutxi historian goraipatzeko ditugun egunak. Makinaria kapitalista, dena den, ezabatzeaz, estaltzeaz, arduratzen da; faxismoaren aurka irabaztea posible dela erakusten diguten memoriak ezabatu nahi dizkigute. Halaxe saiatu zen osten Robert Schuman, Frantziako Kanpo Arazoetako ministroa, II. Mundu Gerraren ostean, Garaipenaren Egun hartatik 5 urtera: maiatzaren 9a hautatu zuen Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (CECA gaztelaniaz) eratuko zuen adierazpena egiteko. Erkidego hura gaur egun Europar Batasuna denaren aitzindaria izan zen, eta, ustez, Europa batzeko eta indartzeko bidea zen. 80ko hamarkadaz geroztik, Europaren Eguna izenpean estali nahi digute memoria antifaxista. Gure ardura da hori horrela ez izatea. (irakurri osorik)


 

FRENTE A LA OFENSIVA IMPERIALISTA, ¡DESTRUYAMOS LA EUROPA DEL CAPITAL!

El 9 de mayo se recuerda el Día de la Victoria contra el fascismo, la rendición de la Alemania nazi frente al ejército soviético, y es una más de las conmemoraciones que nos quieren arrebatar. Y es que no son pocas las fechas que construyen nuestra memoria a lo largo de la historia. Fechas que la maquinaria capitalista trata de borrar y de ocultar para eliminar los hechos que demuestran que vencer al fascismo es posible. Esto es lo que trató de hacer Robert Schuman, ministro de Asuntos Exteriores francés, que, tras el fin de la Segunda Guerra Mundial y 5 años después del Día de la Victoria, eligió el mismo 9 de mayo para hacer su famosa declaración impulsando la creación de la Comunidad Europea del Carbón y el Acero (CECA). La CECA, que se presentaba como la vía para unir y fortalecer Europa, fue la precursora de lo que hoy en día es la Unión Europea. Así, desde los años 80 quieren ocultar la memoria antifascista tras el nombre del Día de Europa. Es nuestra responsabilidad que esto no sea así. (seguir leyendo)

Orriak