2022KO BRIGADAK: BOLIVIATIK 1. KRONIKA

 

Gaur, uztailaren 25ean, Santa Cruzek berriz ere paro cívico bat bizi izan du, oraingoan, egun bakar batekoa. 2019koa, ordea, estatu kolpearen aurrekaria, 21 egunez luzatu zen.

 

Paro cívikoak Comité Cívico Pro Santa Cruzek deitzen ditu. Komite hau departamenduko oligarka eta enpresariek osatzen dute, eta paroak herri ekimenak direnaren ideia zabaldu nahi izan duten arren, indar kontserbatzaileek zuzenduriko estrategia aurrez pentsatuaren parte dira guztiz. Paroak deitzerakoan, helburua jarduera ekonomikoa etetea bada ere, galera ekonomikoak langileek pairatzen dituzte soilik. Izan ere,  enpresaburuek langileak behartzen dituzte haien lanpostuetara agertzera eguneko soldata edo lanpostua bera ere ez galtzeko.

 

Gainera, egun hauetan,  langileek lanpostuetara heltzeko eta lan egiteko zailtasunak izaten dituzte, comite cívikoak eta bertako eliteek ordaindutako taldeek kale eta errepideak blokeatzean baitituzte deialdiaren jarraitzaileekin batera. Halaber, irekitzen dituzten saltokiak ere erasotzen dituzte.

 

Hortaz, ikus dezakegu enpresak berak direla aldi berean paroa konbokatzen dutenak eta haien langileak bertaratzera behartzen dituztenak. Era berean, lan autonomoa dutenek, %70ak, hain zuzen, egunez egun bizi dira, eta hemen gehiengo batek eguneroko soldata beharrezkoa du bizirauteko. Beraz, langileriaren zati handi baten borondatearen kontrako lan uzteak izaten dira paro cívikoak.

 

[ ... ]

2022KO BRIGADAK: GREZIATIK 2. KRONIKA

Tesalonikako uraren pribatizazioaren aurkako borroka 2004an hasi zen (2011n erreferenduma egin zen Tesalonikan, gehiengoaren ezetzarekin) eta beharrezkotasunak eraginda, III. Memorandumaren osteko garaietan horri aurre egitea gero eta zailagoa bihurtu zen. Economical fund (ikus: https://www.savegreekwater.org/archives/4582) deritzonak salmentan jarri zituen herrialdearen ondasunak, eta, bere momentuan funts horretan ura ez sartzea lortu zen arren, orain bide malkartsuago eta ezezagunagoetatik egiten da pribatizazioaren saiakera. Publikoaren eta pribatuaren arteko muga lausotu egin da eta kapitalaren jabeek etekina atera dute egoera horretatik. Izan ere, uraren inguruan ezarritako legeen ondorioz, zaila da konpainia publiko gisa lan egitea, kanpoko multinazionalen laguntzarik gabe. PPPak (public-private paternship) deritzenak garrantzitsuak dira gaur egungo uraren pribatizazioaren joera ulertzeko.

 

[ ... ]

 

 

2022KO BRIGADAK: GREZIATIK 1. KRONIKA

Greziaren azken urteetako historia datorkigu burura, Atenasera iritsi bezain pronto. Historia hori ezinbestekoa da gaur egungo Greziaren koiuntura politikoa zein ekonomikoa ulertzeko.

 

[...]

 

7 urte geroago, “Troikari Ezezkoa” ausardiaz eta erresistentziaz beteriko ariketatzat gogoratzen da. Hala ere, herrialdeko botere publikoen traizioak eta Europako botak Greziako lepoan, langile-klaseari sekulako kaltea egin diote, bai eskubide material eta sozialen eremuan, bai antolatzeko aukeretan.


Europako eliteek beste ekonomia krisi-ziklo bat datorrela esanez mehatxatzen dute, eta ozen aldarrikatzen dute haren jatorria pandemian eta Ukrainako gerran dagoela. Hala ere, hegoaldeko ekonomia askok, batez ere Greziakoak, ez dute krisia besterik ezagutu duela 15 urtetik hona. Erreskateak ezarritako baldintzek, hain zuzen ere, zorra, prekarietatea eta pobrezia areagotu dute. Lehen memorandumean, Greziako zorra BPGaren %120koa zen; orain, %200etik gorakoa da, eta EBZak ezarritako interes-tasa %3koa da. Greziako ekonomia erabat bahituta dago. Hala, egungo baldintzak kontuan hartuta, 100 urte beharko liratezke zorra ordaintzeko. Are gehiago, ekonomia gehiago tertziarizatu da: EBn sartu aurretik, Greziako nekazaritza-ekoizpena BPGaren %13 zen, orain %3 baino ez da. Erosteko ahalmena jaitsi egin da, % 12,1eko inflazioa eta gutxieneko soldaten eta pentsioen murrizketa sistematikoa direla eta, eta, ondorioz, Grezia, EBn, posizio prekarizatuenetako eta menpekoenetakoan dago.


Greziak argi erakusten du, burgesiaren eta bere kapitalen metatze-zikloa eta irabazi-tasa bermatzeko, kapitalismoak duen erantzun bakarra esplotazio handiagoa, kapital-kontzentrazio handiagoa eta indarkeria eta errepresio handiagoa dela. Hori bera frogatzen dute Alexandros Grigoropulosen, Pavlos Fyssasen eta Vassilis Magoradoren erailketek. Haiek gogoratu nahi ditugu; erresistentzia antifaxistaren adibide, poliziak eta Amanecer Dorado alderdi politiko neonaziak erailak.

 

NATO ez hemen, ez inon!

 

Ekainaren 29an eta 30ean NATOren goi-bilera izango da, Madrilen. 1949an sortu zenetik, lehen aldia izango da Estatu espainiarrean halako goi-bilera bat egingo dena eta, bilera hori, aurretik ezarrita bazegoen ere, besteak beste, Ukrainian eragindako gerraren inguruan neurriak hartzeko erabiliko dute. Erakunde militarra sortu zutenetik, Mendebaldeko burgesiak bere interes ekonomikoak defendatzeko armada izan da, eta bestelako bake gudarostetzat saldu nahi badigute ere, argi geratu da Ameriketako Estatu Batuetako nahiz Europar Batasuneko burgesien kapitala babesteko bakarrik balio duela, beharrezkoa dutenean ofentsiba militarrera jo eta behar dituzten herrialdeak inbaditzeko (Irak, Libia, Siria, Yemen,...).

 

Aurtengo goi-bilera, alde batetik, Donbasseko erresistentzia zapaltzeko erabiliko da; izan ere, 2014an faxismoaren aurka altxatu zirenez geroztik, gai izan dira, neurri batean, Europar Batasunaren hedapen ekonomiko eta militarra gelditzeko. Bestetik, Mendebaldeaz harago, mundu mailako armada bihurtu nahi dute, eta hori zehaztuko da, hain zuzen ere,  Madrilgo goi-bileran. Azken urteotan, ez dezagun ahaztu, askotariko mugimendu militarrak egiten ari da NATO, Ukrainiako gudaz gain; badira munduan Mendebaldeko burgesiari interesatzen zaizkion beste hainbat fronte, hala nola Txina, Artikoa, Afrika eta Latinoamerika.

 

Aurreko inbasio inperialistetan bezala, gizateriaren aldeko gudatzat saltzen digute Ukrainian gertatzen ari dena, baina benetako izaera ezkutatzen digute. Asko izan dira gudaren aitzakiapean langile klaseari egindako erasoak; adibide argiak dira, besteak beste, lehengaien prezio igoera, energiaren prezio ordainezinak, askatasun zibilen ukapena... Baina neurri horiek ez ditu gudak sortu, aurreko bi urteetan Covid pandemiaren aitzakiapean hartutako neurriak birusak sortu ez dituen bezala. Burgesiaren ofentsibaren aurrean gaude, langile klaseak hamarkadetako borrokaren bidez lortutako garaipenak suntsitu eta beren irabazi tasa handitzen ari baitira.

 

Ofentsibaren aurrean bake abstraktuaz hitz egiten duten eragile eta alderdi politikoek egoera ezkutatzen dute, eta ofentsibaren babesle bihurtzen dira. Zentzu horretan, parlamentuan dauden alderdi politiko guztien erantzukizuna salatu behar dugu, bai gobernu autonomoek, bai zentralak hartutako neurri inperialistak babesteagatik. Burgesiak behar dituen neurri legalak babestean, langileriaren aurka egiten dute eta, hala, herri langileok erresistentziarako daukagun eskubide eta beharra suntsitu.

 

Beharrezkoa da aliantzak sortzea sistema beraren menpe gaude herrion artean eta, guri dagokigunez, bereziki, Estatu espainiar zein frantsesaren eta Europar Batasunaren aurka elkarrekin antolatzea. Nor bere herritik, baina estrategia konpartituekin. Zentzu horretan, NATOren goi-bilera Madrilen izatea ez da euskal langileriarentzat arrotza, ez da ez dagokigun zerbait; badagokigu. Azken finean, NATO Euskal Herrian dago; aipatu izan ditugu, behin eta berriz, hori erakusten duten hamaika adibide. Areago, internazionalismoa borrokan ari garen herrion behar estrategikoa da. Ez dugu lortuko Euskal Herri sozialista, ez baditugu borrokan ari diren herriekin aliantzak egiten. Kasu honetan, NATOren txotxongiloa den Estatu espainiarrak jazartzen gaituen herriok aritu behar gara elkarrekin. Beraz, internazionalistak garen heinean, gure beharra da, Gaztelan borrokan ari direnekin batera, guztiok zapaltzen gaituen tresna inperialistaren aurka antolatzea.

 

Horrenbestez, Euskal Herritik, dei egiten dugu NATOren aurka antolatzera. Hartu parte datozen deialdietan, eta salatu inperialismoa eta haren babesleak.

 

NATO, ez hemen, ez inon!
Hamaika herri, borroka bakarra!

Orriak