Iritzi artikulua
Shaila Fernandez, Askapenako kidea
Ukrainako afera besterik ikusten ez dugun arren, zalantzarik gabe, sustrai sakoneko krisi sistemiko amaigabean murgilduta gaude. Eta Ukrainaz haragotik eta atzeragotik dator dena. Kapitalismoaren egungo osaerari erreparatuz, metaketa-tasa txikituz doa eta nekez lehengoratu daiteke, gero eta esku gutxiagotan baitago kontzentratuta. Finantza-ingeniaritzak soilik makilla dezake kolapso ekonomikoa; izan ere, fikziozko diruak sostengatzen du munduko ekonomiaren zati bat. Pandemiak eta Europako gerrak, eragin esanguratsuko beste hainbat gertakari sozial eta politikorekin batera, Mendebaldea ahultasun-posizioan jarri dute, orain arte ezezaguna zitzaigun egoeran. Orokortuta dago garai izugarriak bizitzen ari garen ideia, eta hedatuta dagoen kontzepzio horrek begirada kolonial eta inperialista du oinarrian. Jabetza pribatua sortu zenetik, bere burua mantentzeko eta erreproduzitzeko bizi izan da, eta horren ondorioz, periferiak arpilatzeaz gain, kolonizazioa nahiz gerra esportatu da. Kapitalaren erdiguneen parte garenean, zaila da ikustea zer ondorio dituen kapitalaren metaketa hedatuak eskualde pobretuenetan. 90eko hamarkadaren amaieran, ezker progresistak borroka egiten zuen kanpo-zorra barkatzeko Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako ekonomia pobreenei; europarrok “hirugarren mundu” edo “herrialde garatu gabe” deritzegun eskualdeei begira, egiturazko doikuntza-planez hitz egiten zen, baita Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren pribatizazio-politika masiboez ere. Lanaren nazioarteko banaketak agerian utzi du pribilegio zuri eta europarra, ekonomia periferikoak lapurtzearen eraginez jazo baitzen 90eko hamarkadako ultradesarrollismoa. Baina joera monopolistak estutu egiten du produktibitatea, eta langile bat bera ere ez da libratzen metaketa kapitalistaren egarria bere gorputzaz ordaintzeaz. Lehen, Iparraldearen eta Hegoaldearen ustezko harreman postkolonialengatik zela pentsatzen zen; orain, Europako klase ertain aspirazionalaren gorputzean bizitzen hasi da. 2008ko krisia, diferentziak aintzat hartuta ere, parekatzaile sozial bat izan da langile klasearen baitan.
Pribilegioan oinarritzen den ikuspegi kolonialak Europako herrialdeoi sinestarazi digu ez digutela eragiten ez pobreziak, ez gerrak, ezta klima-hondamendiak ere; ez digutela ukitzen. Sinesgogorrak gara gure gorputzek ere kapitalaren krisiari erantzun egiten dioten ideiarekiko. Aparteko garaiak bizitzen ari garela zabaltzen ari da, eta ez da egia; kapitalismoaren baitan, aurreikusi eta espero daitekeen errealitate iraunkor posible bakarrean bizi gara: esplotazioan.
Oso erraza zen “beste mundu bat posible da” esaldi humanista ezaguna goraipatzea, zeurea ez denean bizitzeko ezinezkoa den errealitatea. Orain, gure errealitateak sostengaezinak bihurtzen direnean, munduaren amaieraren ideia kolapsistak arnasa kentzen digu. Itxura gizatiarreko kapitalismoa jada ez zaigu hain ideia ona iruditzen. Edelman Trust Barometer gisako inkestak hedatzen hasi dira; 28 herrialdetan (bai AEB eta Frantzia moduko demokrazia liberal okzidentaletan, bai Txina eta Errusia moduko eredu kapitalista desberdina duten beste hainbatetan) egin dituzten inkestetan jaso dutenez, 34.000 pertsonetatik %56 ados dago “kapitalismoak, gaur egun den gisan, munduan kalte gehiago egiten duela ona baino”.
Mark Fisher idazleak, Wall-E (2008) filmari erreferentzia eginez, azaltzen du korporazioen aurkako erretorika metabolizatzen jakitea izan dela kapitalaren ironiarik handienetako bat; ederki asmatu duela ikusleoi entretenimendu modura saltzen. Hain zuzen ere, Streaming plataforma handien baliabide bat da herri-kulturaren baitan agerian uztea kapitalismoaren kontraesanak, klase-borroka eta korporazioen gaiztakeria makiavelikoa. Hala islatzen dute, besteak beste, El Colapso (2019), Succession (2018), El juego de calamar (2021), La casa de papel (2017), Years and Years (2019) telesailek nahiz No mires arriba (2021) eta Parasitos (2019) filmek.
Esan liteke mainstream kultura-material izaten hasi dela askotariko zapalkuntzek eta borrokek zeharkatzen dituzten langileen bizitzak irudikatzea. Kapitalaren krudelkeria irrazionala hain esplizitua bihurtu da, Netflixek ere zabaldu egin duela, kapitalaren logika zalantzan jartzeko edota mobilizaziorako deirako aukerarik uzten ez dela bermatuta. “Ez dago besterik” diskurtsoa 80ko hamarkadatik ari da gauzatzen, Reagan eta Margareth Thatcherrek goraipatutako “There is no alternative” narratiba kultural neoliberalarekin batera. Hori da, hain zuzen ere, Mark Fisherren errealismo kapitalistaren gakoa: kapitalismoaren horizontean iluntasuna eta apokalipsia besterik ez dagoela.
Fredric Jameson kultura-teorikoarena da aipu ezagun hau: “errazagoa da munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren amaiera bera baino”. Maisuki deskribatzen du nola hedatzen den kapitalaren diskurtsoa pertsonen esfera sozial eta materialean, eta nola eragiten duen esfera kognitibo eta emozionalean; ondorioz, edozein agertoki kultural eta soziopolitiko berri irudikatzeko gaitasuna murrizten du. Etorkizun posiblea irudikatzeko zailtasunak eragotzi egiten digu orainarekiko konpromisoak hartzea, eta etengabean iragana erreproduzitzera eta birsortzera mugatzen gaitu.
Pandemiak gizartearen pertzepzio apokaliptikoa areagotu besterik ez du egin; ez du soilik iristear zen krisi saihestezina bizkortu, are gehiago, hauskortasunaren ideian sakondu du, alienazioan, eta heriotzarekiko nahiz ekosistemaren kolapsoarekiko beldurraren eraginpean jarri gaitu. Iritzi publikoa polarizatu dute negazionismoaren erretorika zentzugabeaz baliatuz, eta, hala, klase-diskurtsoa edo -analisia oinarrian duen oro ezereztatu da, txertoen aurkakoen eta aldekoen konfrontazioaren mesedetan. Geure berdinen artean errudun bila genbiltzan bitartean, inbertsio-funtsek farmazia-industria nagusien kontrola hartu dute; langile-klasearen lan-indarra suntsitu eta debaluatu dute; milioika enplegu galdu dira; errefuxiatuak mugetan eta Europako hobi komunik handienean, Mediterraneoan, utzi dira. Covid krisiak, higienea bermatzearen izenean ez kutsatzeko, gizatasuna kendu dio bizitzari; ez dio jendeari utzi maitatuei agur esaten, ezta zaintzen ere; albo batera utzi dira helduak eta erresidentzietan nahiz ospitaleetako plantetan larriki gaixorik egon direnak; areagotu egin dira etsita dagoen gizartearen buruko osasun-arazoak; eta, aldi berean, osasun sistema publikoa desegiten joan da.
The Wire telesailean esango luketen bezala, “Egia jakin nahi baduzu, jarraitu diruaren arrastoa”. Eta, zalantzarik gabe, Covid krisiak (edo haren kudeaketak) klase-izaera nabarmena izan du, hau da, neurriek klase bati egin diete mesede, gainerakoen kaltera. Intermon Oxfam berak ere, stablishmentaren GKEak, honakoa argitaratu du: “Bikoiztu egin da munduko hamar gizon aberatsenen aberastasuna; gizateriaren %99ren diru sarrerek, ostera, okerrera egin dute Covid-aren ondorioz”. Itxura denez, ezkutatzea gehiegi inporta ez den sekretua izango da klase-borroka. Beste behin ere, gainbehera kapitalista klixetzat agertzen da komunikabideetan, ohartarazpena edo alarma baino gehiago.
Nacho Vegasek azken diskoan abesten duenez, kapitalismoa inplosio-fasean sartu da, eta Chill Mafiak dio gerora begiratuz ilun dagoela dena. Benetan uste al dugu horizonte horren atzean iluntasuna besterik ez dela? Edota, etorkizun posible horiek ostu izanak desmobilizazioa, apatia, melankolia eta tristura elikatu dituela? Akaso denbora apur bat kendu beharko diogu distopia kapitalista honen kontraesanak deskribatzeari, eta etorkizun posibleak sortzen hasi. Ez bagara gai kapitalismoaren alternatibak irudikatzeko, zaila da hura eraisteko eta suntsitzeko antolatzea. Gehi diezazkiogun klase-borrokaren erretorikari alternatibak Euskal Herriarentzat. Hitz egin dezagun etxeak okupatzeaz, bitartekoak eta espazioak desjabetzeaz, gorputzak askatzeaz; pentsa dezagun zer-nolako gizartea eraiki nahi dugun. Pentsa dezagun Euskal Herria sozialistara zer bidek eramango gaituen. Utz diezaiogun geure buruak antikapitalistatzat soilik jotzeari eta izan gaitezen sozialistak, komunistak. Irakur dadila gure diskurtsoan zer-nolako gizartea dugun jomuga, eta ez soilik zer-nolakoa den deuseztatu nahi duguna. Eta pentsa dezagun nola egin bidea, lurraldetik, auzoetatik. Egin dezagun ihes heriotzatik, bizitza defendatzeak eskatzen duen indarkeria erradikalaz.
APURTU KAPITALAREN EUROPA!